Presoak

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute ehunka lagunek errepideetan

Irteera operazioa dela eta, presoak Euskal Herriratzeko aldarrikapena errepideetara eraman du Etxerat elkarteak. Hala, ehunka lagun ibili dira errepide nagusien ertzeetan beren eskaeraren berri ematen zuten banderola eta pankartak erakusten. Ziburun (Lapurdi) jendarmeek bi lagun atxilotu dituzte gero aske laga badituzte ere. Iruñean, Berriozarren (Nafarroa), Zornotzan (Bizkaia) eta Añorgan (Gipuzkoa) Guardia Zibila agertu da, eta tentsio uneak izan dira.

2005eko uztailaren 30a
15:46
Entzun
Ehunka lagunek bat egin dute Etxerat-en deialdiarekin, eta, ondorioz, Euskal Herriko errepide nagusien ertzetan jende talde handiak bildu dira euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela eskatzeko.

Zenbait lekutan istiluak ere izan dira poliziekin. Ziburun (Lapurdi) Michelle Alliot-Marie Frantziako Defentsa ministroaren etxearen aitzinean bildu dira, eta jendarmeek bi lagun atxilotu dituzte: Pierre Labine eta Antxon Deliart azkaindarrak. Gero aske utzi dituzte biak. Iruñean, 50 lagun elkartu dira Zaragoza etorbidean eta 90 bat Azkabako zubian. Zaragozako etorbidean zeudenengana Guardia Zibila joan da, eta idenfikatzeko eskatu ondoren, handik bota dituzte.

Berriozarren (Nafarroa) ere tira-birak izan dituzte Guardia Zibilarekin Decathlon dendaren inguruetan elkartu diren 60 lagunek: identifikatzeko eskatu diete aurrena, eta ondoren, kargatzeko mehatxua egin diete. Ondorioz, alde egin dute bildutakoek. Zornotzako (Bizkaia) zubian zeudenek ere Guardia Zibilaren bisita izan dute: identifikatu egin ditute han batutakoak, eta, halaber, pankartak kendu dizkiete. Antzeratsu, Añorgan (Gipuzkoa) zeuden 40 lagunak identifikatu eta miatu dituzte guardia zibilek; zenbait galdekatu ere bai. Ertzaintzaren baimena zutela adierazi nahi izan dietenean, bultzaka hartu dute hartara joan den pertsona.

Apodakan (Araba), berriz, Ertzaintza izan da elkarretaratzera hurbildu dena eta han zeuden lau lagun identifikatu dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.