Euskal presoak gogoan izan zituzten Gabon bezperan Euskal Herriko herri eta auzo gehienetan. Milaka lagun batu ziren, han eta hemen, presoek Euskal Herrian behar dutela aldarrikatzeko eta haiei zein haien senitartekoei elkartasuna adierazteko.
Esate baterako, Errenteriatik Martuteneko espetxeraino joan zen Olentzero. Txistu hotsekin eta Gabon kantekin alaitu zituzten espetxe inguruak, eta emakumezko preso batekin hitz egiteko aukera ere izan zuten. Presoen aldeko Olentzero kalez kale ibili zen Baionan, Getarian eta Zarautzen ere, kantuan. Gasteizen, berriz, Faroloian agertu zen presoen aldeko Olentzero. Azpeitian eta Azkoitian, bestalde, elkarretaratzeak egin zituzten, beste hainbat herritan bezala. Azpeitian, plazaren erdian jarri zituzten herriko presoen argazkiak, mahai baten bueltan, Gabon gaueko afaria irudikatuz, eta Hator hator abestu zuten. Azkoitian, berriz, ziega baten egitura muntatu zuten, tamaina errealean. Erdi kalean jarri zuten, jendea barrura sar zedin. Herri horietan eta beste hainbatetan egin zituzten mobilizazioetan, urtarrilaren 8an euskal presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten.
Egun hauetan mobilizazio gehiago ere egingo dira euskal presoen eskubideen alde. Konparazio batera, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Basauriko eta Martuteneko kartzeletara martxak antolatu ditu gaurko; gaixorik dauden presoak askatzeko eskatzeko. Basauriko kartzelan hiru euskal preso daude gaixotasun larriekin.
Euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu dute Gabon giroko ekimenetan
Gaur martxak egingo dituzte Martuteneko eta Basauriko espetxeetara, presoekin elkartasunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu