ipar EUSKAL HERRIA

Euskal presoak hurbiltzea "desiragarri" dela adierazi du Sarkozyk, Itsasun

Urtarrilean, presoak gerturatzearen alde bozkatu zuen Frantziako Legebiltzarrak. Presidenteak euskal lurralde elkargoaz esan du hautetsiak alde badira bera ere hala izango dela. Hiru gazte atxilotu dituzte Itsasun, hura heldu baino lehen egindako ekintza batean. Poliziek erabat hartu dute herria. Arratsaldean, Baionako karriketan ibili da Sarkozy.

2012ko martxoaren 1a
18:23
Entzun

Nicolas Sarkozy (UMP) Frantziako presidentea euskal presoak hurbiltzearen alde agertu da gaur Itsasun; "desiragarria" dela esan du. Joan den urtarrilean, presoak gerturatzearen alde bozkatu zuen Frantziako Legebiltzarrak. Sarkozyren alderdikide batek aurkeztu zuen lege proposamena: Sauveur Gandolfi-Scheit Korsikako diputatuak.

Euskal lurralde elkargoa sortzeko asmoari dagokionez, Sarkozyk adierazi du bertako hautetsiak alde badira bera ere hala izango dela. Halaber, azaldu du "interes handiarekin" ari dela jarraitzen abian den prozesu politikoa. Bestalde, Sarkozyren esanetan, "Frantziako demokraziaren borroka Espainiako demokraziaren ondotik" joango da. 

Hura iritsi aurretik hiru gazte atxilotu dituzte gendarmeek, berrehun lagun inguruk Itsasun egin duten elkarretaratzean. Ika-mikak izan dira polizien eta Sarkozyk geroago bisitatuko zuen etxaldera hurbiltzen saiatu diren herritarren artean. 

Frantziako presidentea 14:00 aldera heldu da Itsasura, eta 11:00etan hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute hango zubi zurian. 50 pertsona mendirantz joan dira etxaldera hurbiltzeko ahaleginean, baina poliziek eragotzi egin diete. Gendarmeek erabat hartu dute herria, eta gazte batzuk inguratuta eduki dituzte. Poliziaren 50 furgoneta inguru zeuden.

AHTaren aurkako protesta nagusitu da elkarretaratzean, eta euskal presoen aldeko ikurrinak ere agertu dituzte. Mobilizazioaren antolatzaileen arabera, "aterabide demokratikoaren alde altxatzen diren milaka bozak errespetatu behar ditu Frantziako Estatuak; Sarkozyk entzun eta kontuan hartu behar du herriaren borondatea".

Baiona, bigarren geltokia

Frantziako gobernuburua Lapurdin da gaur, presidentetzarako kanpainaren kari. Itsasuko etxalde baten bisitarekin hasi du itzulia, "laborari batzuekin solastatzeko" asmoarekin, prentsa arduradunak zehaztu duenez. Ondotik, Baionako karriketan ibili da. Hainbat herritarrek txistu eta oihu artean hartu dute Sarkozy Baionara iritsi denean. Salerosle batzuekin bildu da gero Palais de la Rue d'Espagne kafetegian. Tirabirak izan dira bertara hurbildutako herritarren eta poliziaren artean. Gendarmeek malko gasa erabili dutela baieztatu du Sud Ouest tokiko egunkariak. 

2007an egin zuen azken aldiz bisita Euskal Herrira; hots, presidente izendatua izan zen urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.