EUSKAL PRESOAK. Sakabanaketa politika, barrukoen zein kanpokoen zigor erantsia

Hogei urte igaro dira euskal presoak Espainia eta Frantziako espetxeetan barreiatzen hasi zituztenetik

edurne begiristain
Gasteiz
2009ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Bi hamarkada luze igaro dira PSOEren gobernuak euskal presoak beren senide eta herrietatik urruntzeko politikari hasiera eman zionetik. Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean Aljerren izandako negoziazioek porrot egin eta gero ekin zitzaion euskal presoen aurkako sakabanaketa politikari. Zehazki, 1989ko udaberri-uda partean hasi zen euskal presoen aurkako sakabanaketa politikaren aldirik gogorrena.

Sakabanaketak azken bi hamarkadetan utzi duen arrastoa mingarria eta krudela izan da, bai presoentzat berentzat, bai haien senide eta lagunentzat ere. Ondorio horien laburpen xehea bildu du Etxerat-ek txosten batean. Gaur egun dauden 748 euskal presoetatik, hamabost baino ez daude Euskal Herriko hiru espetxeetan; gainerakoak, Espainiako eta Frantziako kartzeletan barreiatuta daude. Guztira, 83 espetxetan sakabanatuta dituzte: Espainian 582 euskal preso daude 49 espetxetan sakabanatuta, eta Frantzian 151 preso 34 kartzelatan.

Ondorioz, hurkoak bisitatu ahal izateko, preso bakoitzaren senide eta lagunek 1.223 kilometroko bidaiak egin behar izaten dituzte astero, batez beste. Bidaia luze horietan,268 istripu izan dituzte azken bi hamarkadetan, eta horietan hamasei pertsona hil egin dira. Zaurituta, berriz, ehun baino gehiago izan dira. Baina kalte pertsonala ez ezik, odoluste ekonomikoa ere pairatzen dute presoen senideek eta lagunek kartzeletako joan-etorrien ondorioz: familia bakoitzaren hileroko batez besteko gastua 1.637 eurokoa da.

Senideek ez ezik, presoek ere sakabanaketa politikaren ondorioak erruz sufritzen dituzte.Etxerat-ek gogora ekarri duenez, presoa bera «deuseztatzea»helburu du sakabanaketa politikak.Eta, kasu batzuetan, ondorioak muturrekoak izan dira. Izan ere,bakartze egoerak, erasoek, oinarrizko gabeziek eta espetxeetako legediak heriotzara eraman ditu hainbat preso. Hala, 1985etik hogeita bat euskal preso politiko hil dira espetxe barruan: horietako bederatzik bere buruaz beste egin dute -zortzi urkaturik hil dira-, etahamabi gaixotasun larri baten ondorioz hil dira.

Sakabanaketaren beste aurpegietako bat da bakartze politika. Kartzela berean egonda ere, maiz ez dituzte kolektiboko kideak elkarrekin jartzen, eta beste zenbaitetan, presoak bakarrik egoteaz gain, isolamendu moduluan jartzen dituzte. Horretaz gain, askotan presoari bisitak murrizten dizkiote, bisiten denborak mugatzen dizkiote, edota jendea ikustea galarazten diote.

Euskal presoen aurkako neurriak gogortuz joan dira azken urteotan. Besteak beste, Parot doktrina ezarrita kartzela zigorrakurte askotan luzatuz, eta gaixotasun larriak dituzten presoak kartzeletan dituzte. Egun, hamar euskal presok dituzte gaixotasun sendaezinak, beste bik gaixotasun psikologiko larriak dituzte, eta beste hiru baldintzapeko askatasuna lortuta ere, etxean hertsiak daude, gaixorik.

Sakabanaketaren aurkako ahotsak ozen entzun dira azken bi hamarkadetan. 1990ean Euskal Herriratzea eskatzeko lehen manifestazioa egin zenetik hamaika ekimen eta mobilizazio egin dira aldarrikapen bera hartuta. Oraindik, ordea, ez da lortu euskal presoak Euskal Herrira ekartzea.



21

Hildako presoak 1985etik. J. Ramon Goikoetxea, Joseba Asensio, Josu Retolaza, Mikel Lopetegi, J. Carlos Alberdi, Mikel Zalakain, Jean Groix, Peio Mariñelarena, Javier Gorostiza, Juan Jose Etxabe, Jose Maria Aranzamendi, J. Carlos Hernando, Jean Louis Maitia, Santi Diez, Esteban Esteban Nieto, Ramon Gil, Kepa Miner, Oihane Errazkin, J.A. Altzuguren, Igor Angulo, Roberto Sainz.

16

Hildako senide eta hurkoak. 1982tik gaur egun arte espetxeetarako joan-etorrianhamasei lagun hil dira: Rosa Amezaga, Arantza Amezaga, Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Antxoni Fernandez, Jose Mari Maruri, Mari Karmen Salbide, Ruben Garate, Iñaki Saez, Asier Heriz, Argi Iturralde, Iñaki Balerdi, Sara Fernandez, Leo Esteban, Karmele Solaguren eta Natividad Junko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.