EUSKAL PRESOAK. Unai Parot bigarrenez inputatu dute ETAko kide izatea leporatuta

Euskal presoari bizi osorako kartzela zigorra ezarri nahi diotela salatu du Askatasunak

Erredakzioa
2005eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
ETAko kide izatea egotzita, Unai Parot euskal presoa bigarrenez inputatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2002an Frantzian atxilotutako Ainhoa Mujikari eta Jose Antonio Olarrari ustez atzemandako gutun bat idatzi izana egotzi dio oraingoan Fernando Grande Marlaska epaileak. Eskutitzean ETAko kide izaten jarraitzeko prestutasuna agertzen zuela eta atentatuak egiteko balizko jomugak proposatu zizkiela egotzi diote. Horiek horrela, ETAko kide izatea egotzita Parot beste behin inputatzea erabaki zuen epaileak atzo. Parot Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten, atzo, epailearen aurrean deklaratzera. ETAko kide dela eta gutunik idatzi izana ukatu egin zuen euskal presoak. Fiskalak, baina, haren espetxeratzea eskatu zuen, eta epaileak onartu. Askatasunak salatu zuenez, auzitegira zeramatenean polizia batek Parot bultzatu eta kolpatu egin zuen.Euskal presoaren aurka zabaldutako auzibide berria «juridikoki estalitako maniobra politikoa» dela salatu, eta euskal presoari bizi osorako kartzela zigorra ezarri nahi diotela arbuiatu zuen Askatasunak. Iragan apirilean Paroten auzibideak bitan banatu eta, 30 urteko zigorraren ordez, halako bi zigor ezartzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak. Erabakiari helegitea jarri diote abokatuek. Preso emandako urteetan metatutako erredentzioak ere kendu dizkiote. «Astakeria juridiko honekin 2011n beteko du 30 urteko zigorra, eta beste 30 urtekoa betearazi nahi diote. Eta orain prozedura berri bat zabaldu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.