Euskal presoek jasaten duten «tratu ankerra» salatu dute

Espetxe politikak Euskal Herrian «irekiriko prozesua oztopatzen» duela azaldu dute

Zarrabeitia eta Etxeandia, manifestazioaren amaieran. JUAN CARLOS RUIZ / ARG.
J. S.- O. E.
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Europako indarkeria politikorik handiena da euskal presoek bizi duten errealitate ankerra», salatu du Egin Dezagun Bidea ekimenak, manifestazioaren amaieran. Beñat Zarrabeitiak eta Mari Feli Etxeandiak irakurri duten testuan larritzat jo dute presoen egoera, eta haien eskubideak «berehala errespetatzeko» eskatu dute.

Atzoko manifestazioa «urrats handia» izan zela nabarmendu zuten, baina bidea pausoz pauso egiten dela gogora ekarri ostean, hurrengo puntu hau jarri zuten: «Guztion artean urtarrilerako herri mobilizazio orokor bat prestatzeko gonbita egiten dizuegu. Posible delako eta egin dezakegulako. Konbentzituta gaude Euskal Herrian badugula nahikoa indar eta kemen preso eta iheslariak etxera ekartzeko. Horretarako giltza antolaketa eta mobilizazioa izango dira, eta gure indarrak batzen eta antolatzen baditugu, urtarrilean inoiz izan den mobilizaziorik handiena egingo dugu».Pauso «handi eta luzeak» emateaz gain, urrats «txiki eta xumeak» egiteko ere eskatu dute.

Gainera, esan dute azken urteetan euskal presoen kopuruak «gora» egin duela frankismo garaiko kopuruekin alderatuz gero. Baina ez kopuruak bakarrik, baita preso horien aurkako «neurri krudelek» ere. Hori hala, sakabanaketa politikak «ondorio larriak» eraginez hogei urte baino gehiago daramatzala adierazi dute Egin Dezagun Bidearen bozeramaileek. Hori bai, sakabanaketaren «aurpegirik gordinena» errepideetan hil diren euskal presoen senideena dela gaineratu dute.

Horrez gain, eta hori ikusita, kartzela politikak Euskal Herrian «zabalduriko prozesu demokratikoa oztopatzen eta galarazten» duela azaldu dute. Horregatik, esan dute «demokraziak eta askatasunak» izan behar dutela prozesu horren oinarriak, eta kartzela politikak «errepresio eta erabilpen» giltzetatik «erresoluzio demokratikoen» parametroetara pasa behar duela, eta hori «berehala» egin beharrekoa dela.

Izan ere, Parot doktrina izenez ezagutzen den 197/2006 doktrinakkartzelan «urte gehiago» egotea dakarrela adierazi dute, eta hori «bizi osorako zigorra ezkutuan indarrean izatea» dela salatu. Gainera, «gatazkaren erroak eta ondorioak» gainditzeko Euskal Herrian «irekiriko aro politiko berriaren» aurkakoa dela diote.

«Neurri horrek ez du lekurik bazterketarik eta errepresiorik gabe eskubide guztien errespetuan oinarritutako garai berri batean», adierazi dute. Horregatik, neurri hori «berehala» amaitzeko eta zigorra bete duten presoak aske uzteko eskatu dute.

«Mendekua eta xantaia»

Euskal presoek jasaten dituzten «mendeku eta xantaia» neurriei, nozitu behar izaten duten «tratu gizagabea» gehitu behar zaio, bozeramailearen iritziz. Izan ere, esan dute tratu horren barnean daudela «bakartze erregimenak, kontrol neurri zorrotzak eta funtzionarioek eta poliziek euskal presoei jipoiak emateko zigorrik eza».

Hori dela eta, euskal presoei aplikatzen zaien kartzela politika «mendekuan, xantaian eta errepresioan» oinarritzen dela salatu dute, eta «salbuespenekoa» den legedian sostengatzen dela.

Hori bai, kartzelak euskal herritarrez betetzen jarraitzeko garaia «amaitu» dela azaldu dute, baita euskal herritarrak «atxilotzeko, torturatzeko, epaitzeko, kondenatzeko eta kartzelara bidaltzeko» garaiak ere.

Euripean egin zituzten adierazpenok, Beñat Gaztelumendik bertsoa bota ostean. Aurretik, Oreka TXko txalapartariek egin zien harrera manifestariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.