Euskal presoak

Euskal presoek protestak hasi dituzte, senideei egiten dizkieten miaketak salatzeko

Huelva, Soto del Real, Curtis Teixeiro, Dueñas, Foncalent, Segovia eta Valentzia II espetxeetan eginen dituzte. Larunbatean Durangon eginen den manifestazioarekin bat egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

2009ko abenduaren 4a
16:09
Entzun
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, hainbat espetxetako euskal presoek protestak hasi dituzte, senitartekoei bisitetan egiten dizkieten miaketak salatzeko. Azken hilabetean, euskal presoek eta haien senideek 160 aurrez aurrekotik gora galdu dituzte.

Segovia (Espainia) eta Valentzia II-ko (Herrialde Katalanak) espetxeetan, adibidez, itxialdian daude iragan azaroaren 30etik. Valentzia II-n, aurrez aurreko bisitetan umeak ere miatu nahi zituztela salatu du AAMk.

Dueñasen (Espainia), hiru eguneko itxialdia egin dute, eta pasa den astean espetxeko janariari uko egin zioten.

Curtis Teixeiron (Galizia), azaroaren 30ean hasi zuten itxialdia, eta abenduaren 7ra arte egonen dira hala. Horretaz gain, uko egin diete telefono deiei, bisitei eta eskutitzak bidaltzeari, komunikazio greba hasiz. Foncalenteko (Herrialde Katalanak) emakumezkoen moduloan ere komunikazio geba eginen dute abendu osoan.

Soto del Realen (Espainia), igandeetan itxialdia eginen dute, eta aurrez aurrekoen greba mugagabea hasi dute.

Huelvan (Espainia), aurrez aurrekoei uko egin diete. Espetxe horretan, aurrez aurreko bisitak baino lehen, lokutorioko bisita arrunta egiten da. Kasu batzutan, lehen bisita horretan miatu nahi izan dituzte senitartekoak.

Badajozen (Espainia) eta Castello-Albocasserren (Herrialde Katalanak) ere aurrez aurreko bisitarik gabe gelditu dira, senideek miaketei uko egin dietelako.

Ibai Sueskunen kasua

Pasa den urriaren 10ean Laskunen (Biarno) atxilotu zuten Ibai Sueskun larragarrak (Nafarroa) jasandako tratuaren berri eman du AAMk. Eskuan bala zauria zuela atxilotu zuten Sueskun. Urriaren 19an ospitalera eraman zuten, hurrengo egunean ebakuntza egiteko. AAMk salatu duenez, oinetan hanka trabak paratuta eraman zuten, eta ospitalean ohatzeari lotuta eduki zuten. Egun osoan argia piztuta eta atea irekita utzi ziotela dio, eta poliziak armak eskuetan zituztela etengabe gelatik sartu eta irten ibili zirela. Ebakuntzarako orduan, berriz, ez zutela ohatzera lotu zehaztu du AAMk, baina poliziak ebakuntza gela barrenean egon ziren. Egun berean eraman zuten Sueskun espetxera. Trasladoan, hanka trabak paratzeari uko egin zion, eta lurrean jarri zen protesta egiteko. Horren ondorioz, AAMk dio eztabaidan hasi zirela Sueskun eta jendarmeak, eta horiek "bortizki" altxatu eta zaurituta zuen besotik tiraka eraman zutela.

Bertzalde, Asier Kintana bilbotarra abenduaren 2an Frantziatik Espainiara estraditatu zutela jakinarazi du AAMk. Soto del Realen espetxeratuta dago eta gaur pasako da epailearen aitzinetik.

AAMk bat egin du Durangoko manifestazio deialdiarekin

AAMk bat egin du larunbaterako Durangon deitu den manifestazio deialdiarekin. Gazte mugimenduaren aurkako azken polizia operazioa salatzeko eginen da mobilizazioa, eta deitzaileen artean daude, bertzeak bertze, Gazte Abertzaleak eta hainbat herri ezberdinetako gazte asanbladak.

AAMk salatu du polizia operazio horren benetako asmoa "Euskal Herrian proiektu politiko zehatz bat gauza ezina, defenda ezina eta goitik behera kriminalizatzea" izan dela. "Gatazkaren izaera politikoa ezkutatzeko eta atera bide politiko eta demokratiko baterako aukerak zapuzteko egitasmoa da errepresio kolpe hauen gibeleko asmoa".

AAMren iritziz, "auto judiziala irakurri besterik ez dago, eskubide politiko eta zibilen erabilpena Euskal Herrian delitu dela ikusteko". "Gazte mugimendu independentistak ez du parte hartze politikorako eskubiderik, ez du adierazpenerako, pentsamendu librerako eta manifestaziorako eskubiderik. Hori da Euskal Herrian gertatzen dena: Espainiako legea eta justizia errepresioa bermatzeko funtziora moldatu dela, eta ez eskubideak bermatu eta justizia ezartzeko".

Inkomunikazioa eta torturaren aitzinean, politikari "asaldaturik" ez dutela ikusi salatu du AAMk. Horren harira, Nafarroako eta EAEko arartekoak ere kritikatu ditu: "Nola da posible hogeita hamalau gazte torturatu ostean ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea? Zein sinesgarritasun du giza eskubideen defentsan soilik interesatzen zaioneanhitz egiten duenak?".

Auzitegi Nazioanalak Euskal Herritarren eskubide eta askatasun demokratikoak "urratzeari" utzi behar diola ere eskatu du AAMk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.