Abertzaleen Batasunak, Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak agerraldia egin zuten atzo Donostian, datorren urtarrilaren 8an euskal presoen alde Bilbon egingo den manifestazio nazionalarekin bat egiteko eta herritarrei bertaratu daitezen eskatzeko. Alderdiok esan zuten Espainiako eta Frantziako espetxe politikak, «mendekua eta eskubide urraketa oinarri dituen espetxe politika ankerrak», amaitzeko «irmoki» eskatuko dutela, eta aldarri hori lan egiten duten instituzio eta organo guztietara eramateko konpromisoa hartu zuten.
Ikerne Badiolak (EA) euskaraz eta Jon Abrilek (Aralar) gaztelaniaz irakurri zuten euskal presoei buruz bost alderdiok adostutako agiria. Agerraldian izan ziren beste hauek ere: Mertxe Colina (AB), Niko Moreno (ezker abertzalea) eta Diego Barrado(Alternatiba).
«Gure senide, lagun eta herrikide diren euskal presoen eskubideekin nahi erara jolasten dute», dio atzo irakurritako agiriak. «Hala juzkatzen dugu Frantziako zein Espainiako estatuek aplikatzen duten sakabanaketa politika; gaixotasun larriak dituzten presoak gatibu edukitzea; bizitza osoko espetxe zigorra; zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak kartzeletan edukitzea; bakartzea; aurrez aurreko bisitetan jasan beharreko tratu umiliagarria, elkartasunaren kriminalizazioa...». Bost alderdi horien arabera, ez dago zalantzarik «beren-beregi eraikitako kartzela sistemarik ankerrena» da euskal presoek jasan behar dutena; «gizabanakoa suntsitu eta euskal gizartea bete-betean jotzeko ahalegintzat» dute hori dena.
«Aro berrirako hasiera»
Espetxe politika horiei aurre eginez, «nahikoa da» esateko unea iritsi dela deritzote alderdiok: «Euskal Herria aro berri baten atarian dagoela sinesten dugu, eta lehen premia larrizkoa izan dena, orain are gehiago; ezinbestekoa iruditzen zaigu gure senideen eta gure egoeran berehalako aldaketak eragitea». Egoera horren aldaketarako urratsak zeintzuk diren zehazten ditu agiriak: sakabanaketa amaitzea, gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea, bizi guztirako kartzela zigorra bertan behera geratzea eta espetxe barruan ematen diren hainbat eskubide urraketa bukatzea.
Horregatik eskatu dute «euskal preso politikoak eta euren senideen bizitzak inpunitate osoz egunero erruleta zital eta krudelean ezartzen dituen espetxe politika hori»amaitu beharra dagoela. «Edozein demokraziaren oinarri-oinarrizko betebeharrak liratekeenak baino ez ditugu eskatzen. Justiziazko eta bakezko aro beharko lukeenari arnasa emango dioten neurriak».
Iazko deitzaileak
Urteberriarekin batera Etxerat-ek antolatu ohi zuen manifestazioa debekatu egin zuten lehen aldiz urtarrilaren 3an. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak debekatu zuen, Dignidad yJusticia espainiar elkarte ultraeskuindarrak jarritako salaketaren ondorioz.
Orduan, gutxitan bezalako erantzuna eman zioten debekuari, bost alderdi politikok Etxerat-en bandera hartu eta, gehiengo sindikalaren eta beste hainbat eragileren babesarekin, manifestazioa egitea ahalbidetu baitzuten. Urtarrilaren 8ko manifestazioarekin bat egin duten alderdi horiek izan ziren, hain zuzen, manifestazio hura antolatu zutenak.
AB, Alternatiba, Aralar, EA eta ezker abertzalea Gernikako Akordioa izenpetu duten bost alderdiak ere badira, baina, atzo adierazi zutenez, manifestazioarekin bat egitea alderdi horien izenean egin dute, ez Gernikako Akordioaren izenean, nahiz etaakordio horretan euskal presoei buruz egiten diren aipamenak bilduak dauden atzo irakurri zuten agirian.
Euskal presoen alde «urratsa egitera» deitu dute bost alderdi politikok
ABk, Alternatibak, Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak bat egin dute urtarrilaren 8ko manifestazioarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu