Baionan eta Bilbon, ordu berean (17:00) eta helburu berberekin, bi manifestazio egingo dira datorren urtarrilaren 9an euskal presoen eskubideen alde. "Elkarrekin ibiliko gara oinez, elkarrekin egingo dugu aurrera", esan du Teresa Todak Donostiako Aiete jauregian egindako agerraldian, deitzaileen izenean. Presoen eskubideen defentsan lanean diharduten Sarek eta Bagoaz-ek deitu dute bi manifestazioetara.
Prentsaurrekoaren ondoren, bi elkarteek "batasun estrategikorako ahalegina" izenpetu dute preso eta iheslarien eskubideen alde egiteko. Azaldu dutenez, ekitaldi horretarako akordioa da printzipioz, baina aurrez izandako harremanetan aurrera begira elkarlenean jarraitzeko oinarria jarri dutela uste dute.
"Bakea irrikatzen duten herritarrak gara", adierazi dute elkarlanaren berri eman eta protestak iragartzeko eginiko agerraldian. Hala, sakabanaketa amaitzeko, gaixo larriak askatzeko, baldintzapeko askatasuna aplikatzeko eta "salbuespen legea" gainditzeko eskatu dute. "Ez dugu inolako jarrera ideologiko alderdikoiren alde egiten. Zerbait unibertsala babesten dugu, soil-soilik, lagun guztientzako giza eskubideak babesten ditugu".
Urtarrilean Bilbon urtero egin ohi da euskal presoen aldeko manifestazio jendetsua.