"Inor ez da bakarrik geldituko borroka jarrerari eusteagatik, eta ez zaie giza laguntzarik eta politikorik faltako". Horrela hitz egin du Sendoa Jurado AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kideak, Bilbon, Amnistia osoa. Inoiz ez makurturik. Denon artean lortuko dugu goiburuko manifestazioaren ondoren. "Borrokan" diren euskal presoei babesa eta elkartasuna adierazteko egin dute martxa. "[Frantziako eta Espainiako] Estatuak presio egiten ari dira presoek, deportatuek eta errepresaliatuek euren militantziari uko egiteko", eta hori horrela ez dela gertatuko erakusteko mobilizatu dira Bilboko kaleetan.
Jesusen Bihotza plazatik Arriagakora arteko ibilbidea egin du manifestazioak, eta pankarta zabaltzearekin batera hasi dira euskal presoen aldeko oihuak. "Presoak kalera, amnistia osoa", "amnistiarik gabe, bakerik ez" edota "ez damuturik, ez makurturik" moduko aldarrikapenak egin dituzte.
Manifestazioan Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan da. Martxa abiatu aurretik sei furgoneta zeuden, eta, ibilbidean, gehiago. Sare sozialetan hainbat lagunek salatu dutenez, Bilborako sarbideetan autobus eta kotxe batzuk gelditu zituzten poliziek.
Manifestazioan AEMko kideek amnistiaren bidean eman beharreko urratsen estrategia biltzen duen dokumentu bat banatu dute. "Pentsaera ezberdineko jendea amnistiaren aldeko lanean biltzea egokituko litzaiguke fase honetan, eta herri eta auzo guztietan amnistiaren aldeko batzarrak sortzeko lanari ekitea", dio dokumentuak.
Iñaki Bilbaoren 27. eguna gose greban
AEMk deitutako mobilizazioan euskal presoen aldeko aldarriak ozen entzun badira ere, Iñaki Bilbao presoaren aldekoak nabarmendu dira, batez ere. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko bidalitako prentsa ohar baten arabera, gose greban 27. eguna bete du presoak, eta 16 kilo galdu ditu dagoeneko. "Haren gorputzak edaten duen ura asimilatzeko zailtasunak izaten ari da". Hala ere, psikologikoki "indartsu" dagoela dio AEMren oharrak, eta independentzia eta sozialismoaren aldeko protestan eta gose greban jarraituko duela Bilbaok.
Manifestazioan egindako adierazpenetan ere Juradok gogoan izan du Bilbao: "Egoera okerrenean dagoenean lehenengo fasea aplikatu diote, fase hiltzailean bere militantzia zigortzeko".