Asteburuan heldu dira Euskal Herrira Gabi Zimmer (Die Linke), Josep Maria Terricabras (ERC) Lidia Senra (AGE), Tatjana Zdanoka (LKS), Mark Demesmaeker (N-VA) eta Martina Andersonek (Sin Fein) eta Malin Bjorkek (Vansterpatiet) europarlamentariak, euskal presoen egoera gertutik ezagutzeko asmoz. Gaur egin dituzte lehen bilerak, besteak beste, legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin eta Giza Eskubideen Batzordearekin.
Aurrez aurrekoen ostean, Zimmerrek nabarmendu du "oso garrantzitsua" dela presoak, "ahal den heinean", zigorra bere herritik gertu betetzea, "gizarteratzea errazteko".
Demesmaekerrek, bestalde, aitortu du "konplexua" dela euskal presoek duten egoera, eta gogorarazi du Europako Batasunean "oinarrizkoa" dela giza eskubideen errespetua.
Eurodiputatuak asteartera bitartean izango dira Euskal Herrian, eta esparru juridikoko, politikoko eta sozialeko hainbat lagunekin biltzeko asmoa dute: Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, Eusko Legebiltzarreko kideekin, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiarekin, Juan Cruz Alli Nafarroako presidente ohiarekin, Juan Karlparsoro EAEko fiskal nagusiarekin, sindikatuekin, gizarte eragileekin, Etxerat elkartearekin...