euskal presoak

Euskal presoen erabakia "indarkeria amaitzeko pauso esanguratsua" dela dio Zapaterok

"Zuhurtzia" eskatu du Espainiako presidenteak baina, aitortu duenez, "indarkeriaren bukaerara iristen ari gara". Amnistia Konstituzioaren joko arauen artean ez dagoela adierazi du Rubalcabak. Conde Pumpidoren ustez, EPPKren agiria "onartezina" da. Goirizelaiak "pausoak" emateko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Bideoa: preso ohiak Gernikako Akordioa sinatzen, atzo.

2011ko irailaren 26a
15:09
Entzun

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak gaur eguerdian esan duenez, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin izana "indarkeria amaitzeko pauso esanguratsua da".

"Zuhurtzia" eskatu du Zapaterok baina, aitortu duenez, "indarkeriaren bukaerara iristen ari gara". Horretarako, "demokraten batasuna" galdegin du, eta orain arte ETAren kontrako borrokan egindako lana azpimarratu du.

Legealdia amaitutzat eman duela eta azaroaren 20rako ofizialki Espainiako hauteskundeak deitu dituela jakinarazteko agerraldian egin ditu adierazpenok Espainiako presidenteak, Madrilen.

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin zuen atzo, itunaren urteurrenean. Bat egiteaz gain, amnistia eskatu zuten presoek eta banakako neurriak baztertu zituzten.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren Espainiako presidentegaiak gaur esan du ezin dela euskal presoen kolektiboarentzat irtenbide kolektiborik egon, eta Zigor Kodean aurreikusten diren neurriak banaka, "presoz preso", ezarri beharrekoak direla. "Amnistia ez dago gure Konstituzioaren joko arauen artean", gaineratu du.

Rubalcabak dio zuhur bada ere poztu egin duela iragarpen horrek. "Ezker abertzaleak orain urtebete ETAri esan ziona esan diote orain presoek, indarkeria amaitzeko, eta alde horretatik inoiz ez bezalako egoeran gaude", adierazi du orain gutxira arte Barne ministro zenak. "Pauso bat gehiago da, baina azken pausoa ETAk armak uztea izango da", gaineratu du.

Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiaren ustez, "onartezina" da EPPKren agiria. "Espero dugun bakarra, ETA desagertzea da".

Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kideak presoen kolektiboaren "inplikazioa" goretsi du, eta nabarmendu du orain Espainiako Gobernuari tokatzen zaiola "pausoak" ematea.

Atzo urtebete sinatu zuten Gernikako Akordioa. Sinatzaileek ETAri su-etena emateko eskatu zioten, "jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa". Euskal presoen eskubideen aldeko hainbat eskakizun egin zituzten, eta eskubide zibilak ere aintzat hartzeko galdegin zuten. Halaber, "akordio politikoak lortzeko negoziazio prozesua" aldarrikatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.