ELAk urtarrilaren 7rako Egin Dezagun Bidea ekimenak deitutako manifestaziora atxikitzea erabaki du, eta abenduaren 30an —hilaren azken ostiralean— Euskal Herriko hiri eta herrietan egingo diren bilkuretan ere parte hartuko du. Gainera, bere afiliatuei eta bestelako langileei euskal preso "politikoen" eskubideen aldeko ekintza horietan parte hartzera deitu du.
"ELAk aspaldidanik hartuta dauka euskal preso politikoen eskubideen aldeko konpromisoa, eta egokia iruditu zaio Nazio Batzordeari horien egoerari buruzko gogoeta propio bat plazaratzea momentu honetan", esan du sindikatuak, gaur. Hain zuzen, Nazio Batzordearen gogoetaren berri eman dute Bilbon Adolfo Muñoz idazkari nagusiak eta Xabi Anza formazio arduradunak.
Muñozen hitzetan, "espetxe politikaren irizpide nagusia mendekua" da, eta horren ondorioak, presoek ez ezik, familiek ere pairatzen dituzte. "Ezinbestekoa da presoen inguruan aurrerapausoak ematea, normalizazio politikoa bideratu ahal izateko".
Sakabanaketa amaitzeko, eta gaixorik dauden eta zigorraren hiru laurden edo bi heren beteta dituzten presoak askatzeko exijitu du ELAk.