Gabi Zimmer (Die Linke), Josep Maria Terricabras (ERC), Lidia Senra (AGE), Tatjana Zdanoka (LKS), Mark Demesmaeker (N-VA), Martina Anderson (Sinn Fein) eta Malin Bjork (Vansterpatiet) europarlamentariak otsailean izan ziren Euskal Herrian, hainbat eragilerekin bilerak egiten. Euskal presoen eta haien senideen egoerari buruzko txostena ondu dute, eta gaur aurkeztu dute Europako Legebiltzarrean, Friendship taldearen sorreraren 10. urteurrenaren harira eginiko ekitaldian.
Terricabrasek azpimarratu du "onartezina" dela presoen senideek ordaintzea presoek ustez eginikoengatik. Zdanokak, berriz, gogorarazi du presoen eskubideak errespetatzea eta ETAren biktimen eskubideak ez direla kontrajarriak. Bestalde, Demesmaekerrek nabarmendu du Espainiako Estatuak ez duela ETAren armagabetzean parte hartzea onartu, eta ohartarazi bake prozesu batean hori gertatzen den kasu bakarra dela.
Presoen sakabanaketari dagokionez, europarlamentariek gogorarazi dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiak nahiz Nazio Batuen Erakundeko Asanblea Orokorrak jurisprudentzia luzea sortu dutela politika horren kontra: "Ondorioztatu da motibazio politikoko euskal preso askoren egoera Rdozevillo vs Ukraina auziaren parekoa dela". Sorterritik mila kilometrora espetxean zutelako, Ukrainako Estatua zigortu zuen Estrasburgok.
Gainera, Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteekin hitz egin eta gero, ondorioztatu dute "gutxienez hamar presoren osasun eskubidea arrisku handian" dagoela. Gomendioen artean, legebiltzarkideek jaso dute "bake prozesu arrakastatsu baterako bide bakarra zigor kolektiboa baztertzea" dela: "Presoek ere parte hartu behar dute bakearen eraikuntzan".