EUSKAL HERRIA

Euskal selekzioaren partidarako segurtasun plana "egokia" izan zela ebatzi dute

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du Estefania Beltran de Herediak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, iaz euskal selekzioaren partidan izandako liskarrak zer zela-eta gertatu ziren azaltzeko. Aitortu du plana egokia izan arren "okerrak" izan zirela antolaketan.

2013ko otsailaren 8a
20:10
Entzun

Segurtasun plana "egokia" izan zen iazko abenduaren 29an euskal selekzioak Boliviarekin Anoetako estadioan jokatutako partidarako. Hala azaldu du gaur goizean Estefania Beltran de Herediak Eusko Legebiltzarrean. Egun hartako istiluak ikertzeko batzordearen ondorioak jakinarazi ditu Beltran de Herediak, eta ohartarazi du lagunarteko partida izanagatik ere segurtasun plana arrisku maila handiko partidetan erabilitakoa izan zela.

Segurtasun sailburuaren arabera, ez zegoen aurreikusita zenbait zaleren jarrera izan zena izatea, eta uste du zale horiek aurrez antolatu zituztela liskarrak. Segurtasun pribatutik ere ohi baino agente gehiago ezarri zituztela ere adierazi du, baina aitortu du estadiora sartzeko kontrolak ez zirela nahikoa izan. Gainera, esan du polizien arteko komunikazioan "okerrak" izan zirela eta polizien artean ez zela inor kasu horietarako "esperientzia praktikoa" zuena.

Beltran de Herediak azaldu du kontzertu bat izan zela partidaren aurretik eta jende asko pilatu zela 21 eta 22 ateetan, Anoetara sartzerakoan eginiko kontrolen kaltetan.

Gainera, jakinarazi du egun hartan zauritutako hamalau ertzainetatik hamabi osatuta daudela eta bi ez direla lanera itzuli.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.