Azken polizia operazioaren aurrean euskal sindikatuek eman dute erantzuna, erantzun bateratua: manifestazio nazionala deitu dute larunbat honetarako; Donostian izango da, 17:00etatik aurrera, Antigua auzoko tunelean hasita. Askatasunaren alde, eskubide guztiak guztiontzat lelopean egingo dute, "[Espainiako] Estatuaren jardunbidea antidemokratikoa, autoritarioa eta errepresiboa" dela iritzita.
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk deitu dute ekimena, eta gaur arratsaldeko lau eta erdietan eman dute horren berri, LABen Donostiako egoitzan egindako agerraldian (ikusi BerriaTBko bideoa). Sindikatuetako buruak izan dira bertan; besteak beste, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Ainhoa Etxaide LABekoa. "Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun erakundeok ez gaude egoera honekin etsitzeko prest".
Espainiako Alderdien Legea desagertzeko eskatu dute, "injustua izateaz gain, aukera politiko eta sozial bat desagerrarazteko" asmoz egina delakoan. "[Espainiako] Estatua benetako genozidio politikoa ari da egiten, eta berretsi egin du euskal gizarteari eskaintzen dion irtenbide bakarra gatazka luzatzea dela". Egoera horri "irtenbide demokratikoa emateko", langile denei dei egin diete etziko manifestaziora joateko.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz Espainiako Poliziak herenegun ezker abertzaleko hamar lagun atxilotu zituen, Batasuneko Mahai Nazionala berrosatu nahian zebiltzalakoan: Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Ainara Oiz eta Mañel Serra.
Sindukatuok atxilotuak "berehala eta baldintzarik gabe askatzeko" eskatu dute, eta elkartasuna agertu diete. "Jardun politikoa besterik ez zaie egozten, eta oinarrizko askatasun bat gauzatzea ez litzateke inor atxilotzeko arrazoi izan behar sistema demokratiko batean".
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk aurten bertan egin izan dute ekimen bateraturik. Nabarmenena: maiatzaren 21ean Hego Euskal Herrirako greba orokorra antolatu zuten, “bestelako eredu sozio-ekonomikoaren alde”. Irailaren 15ean, berriz, dekalogoa aurkeztu zuten, eta mobilizazioak egin zituzten hurrengo egunetan.
LABek elkarretaratzeak egin ditu eguerdian
Azken operazioa salatu du gaur eguerdian LABek, Gasteizko, Bilboko, Iruñeko eta Donostiako bere egoitzen aurrean egindako elkarretaratzeetan, "LABen aurkako erasoa ere izan delako", Garbiñe Aranburu zuzendaritzakideak adierazi duenez (ikusi BerriaTBko bideoa). Hain zuzen, atxilotuetatik bost LABen Donostiako egoitzan atzeman zituzten, eta sindikatuak ekinbide judizialen mehatxua izan dezake. Aranburuk Espainiako Gobernuari ohartarazi dio LABek "lan publikoa" egiten duela "sorreratik, eta langileen interesak defenditzen ditu".
"Norabide horretan independentziaren eta sozialismoaren aldeko borroka" ere egiten du sindikatuak, Aranbururen arabera, "baina horrek bitartekoak edukitzea eskatzen du, eta aldaketa politikoaren aldeko borroka ere bai".
Hori guztia dela-eta, haren esanetan, "LAB bezalako sindikatu bat egotea inoiz baino beharrezkoagoa" du.
Errepresioa ez da bidea. Eman hitza Euskal Herriari lelopean egin dituzte gaurko bilkurak, eta atxilotuak askatzeko eskatu dute. Bihar eskualde eta lantegietan egingo dituzte mobilizazioak -ordua eta lekua herriaren arabera izango dira-.
atxiloketak
Euskal sindikatuek manifestazio nazionala deitu dute etzirako, "Estatuaren genozidio politikoari" erantzuna emateko
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk antolatu dute ekimena, eta Donostian izango da, 17:00etan, =iAskatasunaren alde, eskubide guztiak guztiontzat=i lelopean. Espainiako Alderdien Legea desagertzeko eskatu dute. "Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun erakundeok ez gaude egoera honekin etsitzeko prest", esan dute gaur arratsaldean elkarrekin egindako agerraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu