ekonomia

Euskal sindikatuen gehiengoak mobilizazio propioak egingo ditu pentsioen erreforma egitasmoari aurre egiteko

ELA eta LABek baztertu egin dute CCOO eta UGTrekin batera mobilizatzea, eta gogoratu dute iazko maiatzeko greba orokorrean biok "gogor" egin zutela deialdiaren kontra.

2010eko otsailaren 4a
18:56
Entzun
ELA eta LABek jakinarazi dute ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk eta seiek elkarrekin egingo dietela Espainiako Gobernuaren pentsio sistemaren erreforma egitasmoari -euskal sindikatuen gehiengoa osatzen dute haiek-, Hego Euskal Herriko CCOO eta UGTrekin kontatu gabe, bi horiekin batera jarduteko "oinarririk" ez dagoelako gaur egun. Hala, mobilizazio propioak egingo dituzte.

Unai Sordo CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak gaur adierazi du "garrantzitsua" izango litzatekeela "euskal sindikatu denak" batera mobilizatzea, baina ezezkoarekin erantzun diote Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Jabi Garnika LABeko idazkari nagusiaren albokoak. "CCOO eta UGT EAEn Patxi Lopezen 'elkarrizketa sozialaren' mahaian kokatuta daude eta, beraz, ez dira bateragarriak hori egitea eta orain [pentsio egitasmoari buruz] esaten dutena esatea".

Muñozek gogoratu du iazko maiatzeko Hego Euskal Herriko greba orokorrean CCOO eta UGTk "gogor" egin zutela deialdiaren aurka -ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk deitu zuten-, eta orain mobilizatzeko arrazoiak orduko berak direla.

Garnika LABeko kideak, halaber, azaldu du maiatzeko dinamikaren oinarriak jarraituta eman behar dela orain ere erantzuna.

Espainiako Gobernuak erretiratze adina 65 urtetik 67ra luzatzeko proposamena egingo dio Kongresuari. 2013an hasita urtero bi urtez luzatuko litzateke adina.

Sordo CCOO-Euskadiko idazkari nagusiaren arabera, Gobernua "arinkeriz" ari da jokatzen eta "akats larria" egin du erreforma planteatuta. Atzera botatzeko eskatu dio. Muñozen ustez, berriz, "izugarria eta onartezina" da proposamena, "gutxien duen jendearen eskubi sozialen aurkakoa baita". Egitasmoa uzteko exijitu du ELAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.