Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu —Euskal Herriko bi milioi herritarri eragiten dioten hizkuntza politikak dira—, eta udaletatik heren batek ez dauka euskara plan orokorrik. Hori “bereziki esanguratsua” da Kontseiluarentzat. Bestetik, udalen erdiek ez daukate euskara ordenantzarik. Euskara ordenantzarik ez daukaten herrien kasuan, “borondatean oinarritutako eta babes juridikorik gabeko” hizkuntza politikak aplikatzen direla salatu du Kontseiluak.
Hain zuzen, gaur arratsaldean aurkeztu du Kontseiluak azterketa. Udalen barruan euskarak hamar ataletan duen garrantzia aztertu du: erabaki orokorrak; hizkuntza paisaia; udal langileak; udalaren komunikazioa; beste zerbitzuak eta kontratak; udalaren kultur ekintzak; 0-3 urte arteko hezkuntza; euskalgintza; merkataritza eta lan mundua; eta kirola eta aisia.
Kontseiluaren ustez, udalerrien hizkuntza politika “funtsezkoa da euskararen normalizazioan aurrera egiteko”. Izan ere, “udalek ere badute herria euskalduntzeko boterea eta erantzukizuna. Praktikan jartzen dituzten politikak ezinbestekoak dira herrian euskara erabiltzeko aukerak emateko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko”.
Politika orokorren arloan, beste datu esanguratsu batzuk: 66 udaletatik 14tan bakarrik erabaki dute kontratatutako langile berriek elebidunak izan behar dutela. Eta, erabilerari dagokionez, 16 udalek soilik dute langile guztiak barne hartzen dituen herritarrei zerbitzua euskaraz bermatzeko plana. “Plangintzarik gabe”, dio Kontseiluak, “euskaldunon hizkuntz eskubideen urraketak ez du bukaerarik izango eta udal langileen borondatearen baitakoa izango da”.
55 galderako galdetegia prestatu dute hamar atal horietan euskarak duen garrantzia neurtzeko. Euskara zinegotzien, zinegotzi ohien, euskara teknikarien, euskalgintzako adituen eta soziologoen laguntza jaso zuten galdetegia prestatzeko. Euskalgintzako 150 bat laguntzailek erantzun zituzten galdetegiak 2005eko azarotik iazko otsailera bitartean. Emaitzak kontrastatzeko asmoz, hainbat erabakiri eta baliabideri buruzko galderen erantzunak bidali zizkieten alkateei.
Azpeitiak puntu gehien
Azpeitiko Udala (Gipuzkoa) da puntu gehien lortu dituen udala: 6,82. Zergatik? Besteak beste, udaleko atal guztiak euskaraz aritzeko gai delako; komunikazioetan eta hizkuntza paisaian euskararen erabilera nabarmentzea onartu duelako; langile berriak euskaldunak izateko erabakia hartu duelako; eta haur eta helduei kirol nagusietan euskaraz aritzeko aukera ziurtatzen dielako. Hala ere, Kontseiluak zenbait hutsune aipatu ditu: zenbait komunikaziotan, euskararen aldeko bereizketa egin beharrean, euskara eta gaztelania parean ageri direla; eta euskaltegi publikoak ez direnei emandako diru laguntzek “huts egiten” dutela.
Hiriburuen artean, Donostiak lortu du puntu gehien (4,22), baina urrun dago “euskara lehenesteko politika sistematikotik”; hau da, zazpi puntuetatik. Kontseiluaren esanetan, hiriburuak, herrialdeko biztanle guztientzat erreferente diren arren, “oso maila eskasa eskaintzen dute”.
Zerrendan euskara ofiziala den lurraldeetako herriak dira nagusi. Baina bertan euskara ofiziala izan arren oso puntu gutxi lortu dituzten hainbat herri daude: Barakaldo, Portugalete, Santurtzi (Bizkaia) eta Oion (Araba), esaterako. Aintzat hartu behar da Barakaldon, Portugaleten eta Santurtzin 200.000 herritar inguru bizi direla.
euskara
Euskal udaletatik heren batek ez du euskara plan orokorrik eta erdiek ez dute ordenantzarik
Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu eta gaur aurkeztu du azterketa. Hizkuntza politika “funtsezkoa da euskararen normalizazioan aurrera egiteko”. Hiriburuen artean, Donostiak lortu du puntu gehien: hamarretik 4,22 baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu