Lehendabiziko Euskal Unibertsitate publikoa orain dela 75 urte ireki zuten, Basurtun (Bilbo), Euzko Irakastola Nagusia izenarekin. 1936ko abenduaren 1ean abian jarri zuen Jose Antonio Agirrek zuzendutako Eusko Jaurlaritzak euskaldun askoren eskaera zen unibertsitate publikoa. Gaur egungo EHU orduko unibertsitatearen «oinordekoa» dela uste du Iñaki Goirizelaia errektoreak. Hori dela eta, 75. urteurrena ospatzeko asmoz, datozen hilabeteetan hainbat ekitaldi egingo dira. Ekitaldi nagusia abenduaren 1ekoa izango da, unibertsitatearen urtemugarekin bat egiten baitu. Horrez gain, eta unibertsitatearen historia hobeto ezagutzeko, erakusketa ibiltari bat ikusteko eta hitzaldiak entzuteko aukera egongo da.
XIX. mendean, unibertsitate publiko eta moderno bat behar zela eskatzen hasi ziren euskal herritar asko. Zentro horrek «gertukoa eta luzera begirakoa» behar zuen izan. Ordura arte unibertsitate ikasketetan jarduteko beste lurralde batzuetara joan beharra zeukaten ikasle eta irakasleek. Egoera horri aurre egiteko eta proiektu ugariren ondoren, 1936ko azaroaren 18ko dekretuaren bidez onartu zuen Jaurlaritzak Euzko Irakastola Nagusia egitasmoa aurrera ateratzea.
Lehendabiziko Euskal Unibertsitatean, baina, fakultate bakarra jarri zuten martxan: Medikuntza Fakultatea. Ez da harritzekoa, Euskal Herria 1936ko gerrak irentsita zegoen, eta mediku eta erizain ugari behar ziren. Horrez gain, Basurtuko Ospitalean ikasleei irakasteko eskola zegoenez, errazagoa zen unibertsitatea sortzea. Harritzekoa ez bada ere, harro egoteko kontua izan zela esan du Goirizelaiak: «Uste dut harro egon gaitezkeela eta harro egon behar dugula, Jaurlaritza demokratikoak, orduko zailtasunak gorabehera, hezkuntza interes militarren gainetik jarri zuelako». Hala ere, abian jarritako ametsak frankistek Bilbo hartu arte iraun zuen, 1937ko ekaina bitartean.
Euzko Irakastola Nagusiaren ikasturte bakarrean Euskal Herritik eta inguruko lurraldeetatik etorritako 71 ikasle matrikulatu ziren hainbat mailatan. Unibertsitatean izena eman zutenen artean Blas de Otero idazle bilbotarra eta Santiago Brouard politikari eta sendagile lekeitiarra nabarmendu daitezke. Horrez gain, eta denek maila bera ez zutela ikusita, beste 72 ikaslek hurrengo ikasturteari begira «prestakuntza ikastaro» bat jaso zuten. Hala ere, ez zuten lortu Bilbon ikasketak burutzea, Agirreren gobernua erortzean horietako asko erbestera joan baitziren, Frantzia eta Argentinara, batez ere.
Unibertsitatearen proiektuan, ikasleek ez ezik, irakasleek ere funtsezko eginkizuna izan zuten. Azken horien artean Angel Apraiz katedraduna eta Jose Zinkunegi medikua dira aipagarriak. Apraiz proiektuaren bultzatzaile nagusia izan zelako. Zinkunegik, berriz, Sendakintz-euzkera irakasgaia irakasten zuelako. Hori dela eta, hitzaldietan bi irakasleen lana aitortu nahi du EHUk.
Euskal Unibertsitatearen 75. urtemuga gogoratuko du EHUk ospakizun batekin
Datozen hilabeteetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu EHUk; abenduaren 1ean izango da egun handia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu