AHT

'Euskal Y'-a 2019an martxan egoteko epea "izugarri estu" ikusten du Oregik

Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburuak ziurtatu du "inola ere" ez dela abiadura handiko trena egin gabe geratuko.

Ana Oregi eta Ana Pastor, 'Euskal Y'-aren lanetara eginiko bisitan, urtarrilean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2015eko irailaren 2a
17:12
Entzun

Joan den astean esan zuen Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorrek Euskal Y-a martxan izango dela 2019rako, eta adierazpen horien inguruan hitz egin du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburuak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.

Oregiren iritziz, Pastorrek emandako epea "izugarri estua" da, eta hori betetzeko, beharrezkotzat jo du inbertsioak eta "lanen kudeaketa nahiz falta diren gauzen definizioa azkartzea".

Trena Bilbo, Donostia eta Gasteizera nola sartuko den zehaztea falta da, batez ere. Horretarako, Jaurlaritzako eta hiru udaletako ordezkariek bilera bat egin nahi dute Espainiako Sustapen Ministerioarekin, eta Oregik gogoratu du Pastorrek konpromisoa azaldu duela bilera hori irailean egiteko.

Pastorrek esan zuen AHTak ez duela "atzera bueltarik", eta hitz horiekin bat etorri da Oregi. Udazkenean egitekoak diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren Espainiako Gobernua aldatzen bada ere, azpiegitura horri ez dio kalte egingo, Oregiren esanetan: "Ez da inola ere gertatuko [AHTa] egin gabe geratzea".

Oregiren iritziz, hala gertatzea "erabat arduragabea" litzateke, "orain arte eginiko esfortzu guztia eta gero".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.