Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregik Euskadi Irratian esan du abiadura handiko trena ez dela martxan izango 2018. urtea baino lehen, trenbidea bera eraikitzeaz gain "albo lan" batzuk egin behar baitira.
Oregiren esanetan, Gipuzkoako zatia, erakitzea Eusko Jaurlaritzari dagokiona, 2016. urterako egongo da prest. Espainiako Gobernuari dagozkion zatiak —Arabakoa eta Bizkaikoa— noiz amaituko dituzten da zalantza. Hain justu, bihar batzartuko dira Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, AHTko lanen Koordinazio eta Jarraipen Batzordean.
Bilera horretan, Bizkaian eta Araban oraindik emateko dauden lanak adjudikatzeko eskatuko dio Jaurlaritzak Madrili, eta azalpenak eskatuko dizkio Burgos eta Gasteiz arteko trenbide zatiaren inguruan. Madrilek ez ditu zati horretako lanak hasi, eta Oregik uste du ez dela "onargarria" Espainiako Gobernuak zehaztu ez izana nola egingo den Gasteiz eta Burgos arteko lotura.
2006an sortu zen batzordea, eta zazpi urtean soilik behin bildu da, Oregik azaldu duenez. Beste bilera batean eztabaidatuko dute AHTaren Donostiako eta Gasteizko sarbideez; urtarrilaren 16an izango dute Donostiakoa mintzagai, eta ez dute datarik zehaztu Gasteizkoaz hitz egiteko.