Nondik lotuko diren abiadura handiko trenaren ( AHT) Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea. Aspaldiko galdera eta aspaldiko zalantza. Ikerketa bat baino gehiago egin dituzte azken urteotan, eta proposamen bat baino gehiago.
Zalantza hori, ordea, laster argituko da. Izan ere, Espainiako Sustapen Ministerioak lotura hori egiteko informazio azterketa egiteko lana eskaini dio Sener Ingeniaria y Sistemas Bizkaiko enpresari. Enpresa horrek, besteak beste, Zabalgarbi errauste planta kudeatzen du, FCCrekin batera.
Atzo argitaratu zen eskaintza hori Espainiako Buletin Ofizialean. 1.003.000 euroko aurrekontua izango du azterlanak, eta aukera guztiak aztertzeko batzorde bat eratuko dute Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak.
Ibilbidearen alternatibak aztertzea ez ezik, linearen elektrifikatzea ere ikertu beharko du, haien ingurumen tramitazioa egin ahal izateko. Lanak hiru fasetan egingo dira: korridoreen ikerketa (1/25.000 eskalan), alternatiben erkatzea (1/5.000 eskalan), eta informazio publikorako prozedura. Azken tramite hori Ingurumen Eraginaren Deklarazioarekin amaituko da.
Aralar edo Etxegaratetik
Aralarren tunel handiak egitea aurreikusten dute hiru alternatibetatik bik. Bestearen arabera, egungo Renferen bide ondotik lotuko litzaioke Nafarroako korridorea Euskal Y-ari, Ezkio-Itsason. Azken aukera hori Eusko Jaurlaritzak berak sustatu du azken urteotan, eta Nafarroako Gobernuaren oniritzia du.
Espainiako Sustapen Ministerioak 1997an egindako ikerketa batek bi alternatiba eman zituen Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea batzeko: E eta F.
E alternatiban, Iruñerritik irtengo litzateke AHTa, eta Sakanan barrena Etxarri-Aranatzeraino joan. Handik bost kilometroko tunelean iritsiko litzateke Lizarrustiraino, alegia, Gipuzkoako mugaraino. Handik, berriz, beste tunel bat egingo lukete, zazpi kilometrokoa, Aralarren barrena, Zaldibiaraino. Handik Ordiziara, eta Goierriko herri horretan lotuko litzateke Euskal Y-arekin.
F alternatibarekin, berriz, Uharte-Arakilen 11 kilometroko tunela zulatuko lukete, Aralarko mendietan barrena, Beteluraino. Han, Zarateko lepora iritsiko litzateke, Gipuzkoako mugara. Zaratetik Alegiara sartuko litzateke, eta handik Tolosara, Euskal Y-arekin bat egingo luke.
Espainiako Sustapen Ministerioak egindako bi alternatiba horiek ez ezik, azken urteotan indarra hartu du beste batek, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak babestutako Altsasuko alternatibak. Horren arabera, tren lasterrak Sakana osoa igaroko luke, Altsasuraino. Handik Etxegarate aldera joango litzateke, egungo Renferen bidearen paraleloan. Idiazabalera (Gipuzkoa) jaitsi, eta Ezkio-Itsasoraino iritsiko litzateke.
Bestalde, atzo Europako Batzordeko Garraio zuzendari Matthias Ruetek bilera egin zuen Alain Rousset Akitaniako lehendakariarekin eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuarekin. Europako Batzordea gustura agertu zen Euskal Y-aren lanek daramaten erritmoarekin, Eusko Jaularitzak bidalitako prentsa oharraren arabera. Gasteiz-Akize trenbide zatia lehentasunezkoa izaten jarraitzeko eskatu diote Europari. Europako Batzordeko ordezkariak adierazi die «proiektu estrategikoa» dela Gateiz-Akize zatia, Europako bi estatuak lotzen dituelako.
'Euskal Y'-a Nafarroarekin lotzeko ikerketa abiatu dute
Sener Ingenieria y Sistemas enpresari eskaini dio ikerketa Sustapen Ministerioak, milioi bat eurotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu