Abiadura handiko trena

'Euskal Y'-arekin lotura egiteko asmoa du Nafarroako Gobernuak

Orain arteko jarrera aldatuta, abiadura handiko trenari dagokionez Nafarroako Gobernuren lehentasuna 'Euskal Y'-arekin bat egitea dela jakinarazi du gaur Alvaro Miranda Garraio kontseilariak. Hain zuzen ere, Zuasti (Nafarroa) eta Ordizia (Gipuzkoa) artean trenbidea eraikitzeko asmoa dutela agertu du Mirandak. Dena den, argi utzi du beren helburua ez dela Iruñea gainerako euskal hiriburuekin lotzea, baizik eta Lapurditik barrena Europarako bidea zabaltzea, eta, halaber, Zaragoza, Madril, Valentzia eta Bartzelonarekin lotzea.

2004ko urriaren 26a
13:41
Entzun
Zuasti eta Ordizia arteko proiektuaren zenbait zehaztasun ere eman ditu Mirandak Nafarroako Parlamentuan, hain zuzen ere, proiektua aurreratuta dutela adierazteko: Ebroko korridorea Iruñera helduko da Zaragozatik (Aragoi), eta Iruñetik 13 kilometrora, Zuastin, abiatuko dute 'Euskal Y'-arekiko lotura. 42 kilometro izango ditu trenbide horrek, eta Ordiziara ailegatuko da. 17 tunel egiteko asmoa dute, eta horietako luzeenak 6,6 kilometro izango ditu. Dagoeneko, proietkua aurrera eramateko aldera, Espainiako Gobernuarekin harremanetan direla argitu du Nafarroako Garraio kontseilariak.

Nafarroako Gobernuak ez du agertu orain arte 'Euskal Y'-arekin bat egiteko asmorik —alderdi abertzaleek irizpide politiko hutsekin zebilela leporatu izan diote—, eta, ondorioz, ezustean harrapatu ditu gaur Nafarroako legebiltzarkideak Mirandaren iragarpenak. Nolanahi ere, oro har, begi onez hartu dute jarrera aldaketa.

Hala ere, Mirandak argi utzi nahi izan du 'Euskal Y'-arekin bategiteko beren erabakiak ez duela zerikusirik Nafarroa euskal hiriburuekin lotzearekin; aitzitik, erabaki horren helburua Nafarroari tren bidez Europarako irteera ematea eta Zaragoza, Madril, Valentzia eta Bartzelona lotuz Espainiako Estatuan eratuko den tren lasterraren sarearekin bategitea dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.