'Euskal Y'-aren Arabako ia zati osoko obrak esleitu ditu Madrilek

AHTren kontrako dozenaka lagunek Luku eta Miñao arteko obren esparruan ekintza bat egin dute

ERREDAKZIOA IRUñEA
2006ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Y-aren Arabako ia zati osoko obrak esleitu ditu dagoeneko Espainiako Gobernuak. Hain zuzen, aste honetan Eskoriatza-Aramaio eta Aramaio-Arrasate zatiko obrak eskaini ditu. Gainera, beste bi zatitan obrak hasteko prozesua hasi du, Legutio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artekoa hain zuzen.

Eskoriatza-Aramaio (Araba) eta Aramaio-Arrasate (Gipuzkoa) beste bi zatiko lanak enpresa bati egokitzeko epea zabaldu du, halaber. Bitartean, AHTren kontrakoek azpiegitura horren kontrako iritzia agertzen jarraitzen dute. Dozenaka lagunek Luku eta Miñao arteko zatian egin dute ekintza, Araban.

Zati horretan obrak hasi ahal izateko ingurua itxi egin dute langileek. 55.000 hektarea lur landu daude, eta guztiak AHTrentzako bidea egiteko baliatuko dituzte. Atzo eguerdian dozenaka lagunek okupatu zuten eremu hori, eta bertan behera utzi zituzten ingurua ixteko baliatutako hesiak. Ertzaintzak zazpi lagun identifikatu zituen.

Datozen egunetarako beste hainbat ekimen prestatu dituzte AHT gelditu! Elkarlana plataformako kideek. Gaur bertan, elkarretaratzea eginen dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, 11:00etatik 13:00etara. Abiadura handiko trena egiteko erabiliko den dirua gastu sozialetarako baliatzea eskatuko dute partehartzaileek.

Larunbatean, berriz, batzarra eginen dute Urbinan (Araba), 17:00etan. Herri horretan bertan, desobedientzia zibilaren inguruko jardunaldia eginen dute bihar. Mahai-ingurua eginen dute hainbat taldetako kideek.

OBREK AURRERA.Herritarrek haserrea agertzen duten bitartean, Madrilen Euskal Y-a eraikitzen jarraitzeko lanak esleitu dituzte egunotan. Legutio eta Eskoriatza artekoak dira laster martxan jarriko diren beste bi zati. Hainbat enpresa ariko dira batera lanean. Denera, 7,4 kilometro luze izanen dira bi zati horiek, eta 130 milioi euroko aurrekontua izanen dute. Hainbat biaduktu eta tunel izanen dira ibilbidean.

Bestalde, Eskoriatza-Aramaio eta Aramaio-Arrasate zatiko lanak esleitzeko prozesua martxan jartzea onartu du Adifek. Bi zatiotan 30 hilabeteko epea aurreikusten dute obrak amaitzeko. Eskoriatza eta Aramaio arteko bidea 5,5 kilometro luze da; Aramaio eta Arrasate artekoa, berriz, 3,3koa. Bigarren zati horretan tren batek bestea gainditzeko gunea eta trenak uzteko tokia eraikitzea aurreikusten da proiektuan.Aurrekontua 191,4 milioi eurokoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.