Bartzelonako Instrukzioko 9. Auzitegiak polizia operazioa egin zuen astelehenean, abiadura handiko treneko laneko kostua puztu eta Isolux Corsan enpresaren mesedetara sei milioi euro publiko desbideratzea egotzita. Corsan enpresa da Euskal Y-aren zati batzuk egitearen arduraduna, eta, EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek salatu duenez, bederatzi milioi euro daude justifikatu gabe Tolosa-Hernialde zatian.
Koalizioak azalpenak eskatu dizkio Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari: "Oregik erakutsitako arinkeriaren aurrean, errealitatea da hemen ere kezkatzeko arrazoi handiak daudela. Ez bakarrik AHTrentzat hainbeste milioi bideratzeagatik krisi garaietan, beste behar sozial eta ekonomiko larriagoak alde batera utziaz, baita Corsan enpresa eraikitzen ari den AHTren zatietan justifikatu gabe dauden gainkostuengatik ere".
EH Bilduri erantzun dio Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak. Azaldu du tarte horretan "aldaketa handiak" egin behar izan direla eta gainkostua "erabat justifikatuta" dagoela. Halaber, oroitarazi du aurreko Jaurlaritza izan zela zati horretako lanak eman zituena.