EUSKARA. III. SOZIOLINGUISTIKAKO INKESTA

Euskaldun gehiago izan arren, dakitenek gutxiago egiten dute

EAEn hobera egin du euskarak, Nafarroan bere horretan jarraitzen du eta Iparraldean beherako joera dauka

Asier Iturriagaetxebarria.
BILBO
2003ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Euskararen egoera nola dagoen azaltzen duen azterketa aurkeztu zuen atzo Eusko Jauraritzako Kultura Sailak: 2001eko Soziolinguistikako Inkesta. 1991n egin zuen lehenengoa, eta 1996an bigarrena; beraz, hau da hirugarrena. Hirugarrena izanik, azken hamar urteetako joera aztertzeko aukera ere izan dutela azpimarratu zuen Miren Azkarate Kultura sailburuak. Joan den apirilean aurkeztu zuen Jaurlaritzak Soziolinguistika Inkesta, baina EAE Euskal Autonomia Erkidegoko datuekin bakarrik. Atzo osorik aurkeztu zuen, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko datuekin. Zenbakiak eta ehunekoak ere eremu admistratibo bakoitzekoak eskaini zituen.

Azkaratek azaldu zuenez, oro har, hobera egin du euskararen egoerak, baina eremu administratiboen artean «alde handiak» daudela zehaztu zuen. Hala, EAEn nabarmen egin du hobera euskarak; Nafarroan bere horretan jarraitzen du, nahiz eta apurka-apurka hobera egin; eta Ipar Euskal Herrian beheranzko joerak jarraitzen du, hori apur bat geratzea lortu bada ere.

Hiztun kopuruak gora egin du, batez ere EAEko gazte askok eskolan euskaraz ikasi dutelako, eta euskaldun berri asko daudelako. Hala ere, kezkatzeko moduko datu bat eskaintzen du inkestak. Euskaraz jakinda berba egiten dutenen kopuruak behera egin du. «Hori gertatzen da euskaldun berri asko ditugulako, eta horiek erosoago jotzen dutelako gaztelaniara», argitu zuen Kultura sailburuak. «Eskola bidez irabazi ditugun euskaldun berriei euskara erabiltzeko eskolaz kanpoko sare trinkoa nola eman da gure kezka nagusia». Hori eta famili transmisioaren eta eskolaren bitartez hiztun gehiago lortzea, gaineratu zuenez.

EAEko datuak baikorrak izan arren, hainbat zehaztapen egin behar direla azaldu zuen Azkaratek. «Egia da EAEngaztelaniaren erabilera nagusi dela toki eta eremu guztietan», esan zuen. Hala, EAEn euskararen ohiko erabilera «%15ekoa baino ez» dela azpimarratu zuen. «Hemen ez dago ezer irabazia. Lan handia dago, eta ez dago behin betiko segurtasunik. Egunero irabazi beharreko zerbait da», gogoratu zuen.

«Une erabakigarrian»gaudela dio Azkaratek

Hori dela eta, soziolingustikaren ikuspegitik «une erabakigarrian» gaudela adierazi zuen Azkaratek, eta helburuak eta lehentasunak zehazterakoan, tokian tokiko ezaugarriak izan beharko direla kontuan argitu zuen, «hori izango delako gakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.