Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2006ko egoera soziolinguistikoari buruz egindako ikerketaren arabera, Euskal Herrian 1991an baino 137.200 euskaldun gehiago dauden arren -gazteen arloan egon da hazkundea, batik bat-, elebidunek euskara 1991n baino gutxiago erabiltzen dute. “16-24 urte tarteko gazte elebidunek 1991n baino gutxiago erabiltzen dute euskara 2006an. Besteak beste, lehen hizkuntza gaztelania izatean, euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa dutelako eta gehienak gune erdaldunetan bizi direlako gertatzen da hori”, esan du Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak.
Hala, 1991n 16-24 urte arteko lagunen %48,4k euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen bazuten, 2006an %39,7ra jaitsi zen kopurua. 25-34koen artean, berriz, %57,2tik %50era. Beste adin arteetan (65etik gorakoen, 50-64koen eta 35-49koen artean) pixka bat gora egin du kopuruak.
Jaurlaritzak 1991n egin zuen lehen ikerketa soziolinguistikoa, orduko datuekin alderatu du 2006koa -bost urtean behin egiten du azterketa-, eta, Miren Azkarate Kultura sailburuaren ustez, 1991tik "nabarmen" igo da euskara dakiten eta erabiltzen dutenen kopurua.
Ikerketaren arabera, Euskal Herrian hamabost urtetik gorako lagunen artetik %25,7 elebidunak dira -1991n %22,3-, %15,4 elebidun hartzaileak eta %58,9 erdaldun elebakarrak (665.700, 398.000 eta 1.525.900 biztanle, hurrenez hurren).
Jaurlaritzak esan duenez, EAEko (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa) eremua da euskaldunena: %30,1 (1991tik %6 igo da datua). Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa) %22,5 dira euskaraz dakitenak (1991n baino %11 gutxiago) eta Nafarroan %11,1 (1991an baino %1,6 gehiago).
Erdaldun elebakarren kopurua jaitsi egin da, duela hamabost urte baino 133.900 gutxiago daudelako Euskal Herrian: %70 1991n eta %58,9 2006an.
Datu horiek ikusita, "euskara bezalako hizkuntza gutxiagotu bat indarberritu" daitekeela uste du Eusko Jaurlaritzak, "prozesua EAEn urrats sendoak" egiten ari dela iritzi dio -"motelagoak Nafarroan"-, eta gizartearen euskalduntzeak "luze" joko duela aitortu du.
Euskara
Euskaldun kopurua igo egin den arren, gazteek gutxiago erabiltzen dute euskara
Eusko Jaurlaritzak 2006ko egoera soziolinguistikoari buruzko ikerketa aurkeztu du gaur. 1991tik %3,4 igo da euskaldun kopurua; EAEn %6 egin du gora eta Nafarroan %1,6, eta Iparraldean %11 jaitsi da. "16-24 urte tarteko gazte elebidunek lehen hizkuntza gaztelania izatean, euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa dute eta gehienak gune erdaldunetan bizi dira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu