Euskara

Euskaldunen ehunekoa emendatzea izanen da EEPren politikaren xedea

Hizkuntza politikaren hezurdura, ildoak eta norabideak finkatu ditu Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Euskal hiztun osoak sortzea da helburu nagusia, eta horretarako, belaunaldi berrietan eragin nahi du. Oraindik osatu ez dituzten arren, xedea bururatzeko aurrekontuak eta lortzeko epeek baldintzatuko dute hizkuntza politikaren eraginkortasuna.

2006ko urriaren 13a
16:42
Entzun
Frantziako legeak ofizialtasuna ukatzen dio euskarari, eta horren ondorioz, hizkuntza politika borondatean oinarritu behar dela dio Jean Claude Iriart EEPko zuzendariak. «Legea bertze bat balitz, bertze politika bat osa genezake, baina oraingoa errespetatuz osatu dugu hizkuntza politika». Urrats garrantzitsua da EEPk egindakoa, lehen aldiz hizkuntza politikaren zirriborroa onartu dutelako botere publikoek. Lehen aldiz, euskal hiztunen galera ez dela gelditu onartu du txosten ofizial batek.

Euskaraz ongi dakitenen artean, 16-29 urtekoak 30-45 urtekoak baino gehiago dira. Emendatze horretan, irakaskuntza bidezko transmisioaren lehen ondorioak ikusten ditu EEPk eta bultzatu nahi ditu. Kopuruarekin batera, hizkuntza kalitatea bermatu nahi dute. Hori lortzeko denbora beharko da. Aldiz, helburu zehatzik eta eperik ere ez da aipatzen EEPren zirriborroan, borondatez bete daitezkeen helburuak baizik. EEPren iraupena 2010ean bukatuko da, eta gero, botere publikoek erabakiko dute nolako egitura emango dioten hizkuntza politikari.

Hamaika erronka edo lan ildo nagusiren inguruan eratuko da hizkuntza politika. Lehen hirurak transmisioaren atalekoak dira: familia, haur eta gazteak eta hezkuntza. Bost erronka hizkuntza inguruari loturik daude: aisialdia, bizi publikoa, hedabideak, argitalpenak eta toponimia. Azken lauak erabat berriak dira, orain arteko erakunde edo egiturek kontuan hartu ez dituztenak. Azkenik, zeharkako hiru ildo atxiki dituzte: helduen irakaskuntza, kalitatea eta motibazioa. Azken biak ere lehen aldiz aipatzen dira erakunde publikoen txostenetan.

Lan ildo guztietan neurgailuak jarriko dituzte, bilatzen den helburua lortzen den edo ez jakiteko. Euskalgintzako gizarte eragileen aspaldiko eskakizuna da hori, eta EEPk barnatu du oraingoan. Sortuko badira ere, oraindik ez dituzte zehaztu, eragileen ekarpenak eta lehenesten diren lan ildoak ezagutu nahi dituztelako lehenik.

EEPk hezkuntza arloan ikerketa kuantitatiboa egin zuen iaz, eta hizkuntza politikaren ildoetan lehenetsiko balute, eredu ezberdinetan eskolatuak dauden haurren hizkuntz trebetasuna neurtu beharko dute. Txostenean ez dute aipatzen hezkuntza publikoan murgiltze eredua sortzeko xederik. Max Brisson EEPko presidenteak azaldu du legeak ez duela ildo hori onartzen eta elementu anitz daudela, txostenean bildu dituztenak, haur eta helduen hizkuntz trebetasunean zeharka eragiten dutenak. «Helduen irakaskuntzak, hedabideen hizkuntz kalitateak edota aisialdiak hezkuntzari lagundu diezaiokete kalitate helburuak lortzeko».

URTARRILERAKO INDARREAN. Ondoko asteotan Aholkularitza Batzordeko kide guztiei igorriko die EEPk hizkuntza politikaren aurretxostena, urriaren 26ko bilkuran aztertu eta eztabaida dezaten. Ez dute ukan txostena osatu eta euskarara itzultzeko denborarik, eta hori egindakoan igorriko diete eragileei. Azaro bukaera arte eragileek hilabete ukanen dute ekarpenak idatziz egiteko. EEPk ere ekarpenak eginen ditu.

Gardentasuna atxiki nahi duela azaldu du EEPk. «Onartzen diren ekarpenak eta onartzen ez direnak bilduko ditugu eta azken txostenarekin batera zabaldu.

Abenduaren 21ean Administrazio Kontseiluak aurrekontuak finkatuko ditu eta hizkuntza politika indarrean egonen da.

Presaka dabiltza, baina urtarrilerako dena plantan egonen dela azaldu du Iriartek. Botere Publikoak dira EEPren finantzabidea. Lehenesten diren lan ildo eta neurrien aurrekontua osatuta, iazko aurrekontua nabarmen gainditzea espero dutela azaldu du Iriartek, horren inguruko argibiderik eman gabe.

Xedea urte anitzetarako bada ere, aurrekontua urtez urte bozkatu behar dute Botere Publikoek. Aurten hasita eta 2010. urtera arte emendatuko dela espero dute.

Hezkuntzan, adibidez, irakasleen prestakuntza bultzatzea onartu da eta Akademia Errektoreak bat egin du xedearekin. Alta, eskaintza egin den tokietan izen emateek inkestetako emaitzak gainditu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.