Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika «menderatzailea» salatu eta euskaldunen eskubideak bermatuko dituen lege bat eskatu dute 600 bat herritarrek. Lurralde eremuaren arabera «euskaldunen hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legea» kritikatu, eta hizkuntza politika burujabea aldarrikatu dute.
EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak elkarretaratzera deitu zuen atzo Nafarroako hogei herritan, Euskararen Legearen 25. urteurrenean. Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea lelopean elkartu ziren, besteak beste, Altsasun, Iruñean, Leitzan, Lesakan eta Lizarran. Iruñeko mobilizazioan ehun euskaltzale inguruk hartu zuten parte, eta horien artean izan ziren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Bilduko Nafarroako legebiltzarkide Bakartxo Ruiz.
Arauak mende laurdena betetzearen karietara eginiko agirian, Euskararen Legearen ondorioen aurka egin zuen EHEk. Zonifikazioaren bidez, euskaldunen eskubideak zatikatu dituztela uste du elkarteak: «Euskararen normalizazioa erdietsi baino berau ekiditea du helburu». Gainera, arau horren xedea Nafarroako euskalgintza ekonomikoki itotzea delakoan da EHE; elkartearen arabera, hizkuntza politika «etnozida» aplikatzeko tresna bat da. «Euskara eta euskaldunok norbere herrian enegarren mailara baztertuak izatera kondenatzen gaituen zapalkuntza eta asimilazio tresna» da araua, EHEren iritziz.
Euskararen Legea «errotik» aldatzearen aldekoa da EHE: «Hori da euskaldunon hizkuntza eskubideen urratzailea». Hala egin ezean Nafarroan euskal hiztunak «bigarren mailako herritar» izaten jarraituko dutela ohartarazi du. Euskarak, irauteko, lehentasuna izan behar duela gaineratu du EHEk, eta zehaztu du lehentasun hori ofizialtasunaren eta hizkuntza politika burujabearen bidetik baino ez dela lortuko.
Aldaketarako zazpi urrats
Ezker abertzalearen arabera, «premiazkoa» da bestelako hizkuntza politika abiatzea, egungo arauak ondorio «larriak» utzi baititu. Euskara sendotzeko hizkuntza politika «nazional eta burujabea» artikulatzea «giltzarria» dela uste du ezker abertzaleak, eta, horretarako, zazpi neurri proposatu ditu: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea, belaunaldi berrien euskalduntzea bermatzea, udalerri euskaldunen garapen iraunkorra ziurtatzea, administrazioak euskalduntzea, lan esparrua euskalduntzeko baliabideak jartzea, hedabideetan eta ekoizpen kulturaletan euskara lehenestea eta «beharrezkoak» diren baliabideak bermatzea. Halaber, euskalgintza eta herritarrak zoriondu ditu; legeak ahalbidetutako egoerari eutsi badio euskarak horien lanari esker izan dela dio ezker abertzaleak.
Bestalde, itxialdia hasiko dute gaur Mañeruko eskolan, Euskararen Legearen aurka protesta egin eta euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea aldarrikatzeko. Sotzen Ikasbatuaz-en ekimenez egingo dute itxialdia, eta legea «iraganean oinarritua» dagoela salatu dute. Mañeruko eskola ixtea erabaki du Nafarroako Gobernuak, herria eskualde erdaldunean dagoela argudiatuta. Igandera arte izango dira barruan, eta ekitaldi ugari antolatu dituzte.
Euskaldunen eskubideak bermatuko dituen legea eskatu dute
Herritarrek bat egin dute EHEk Nafarroako Euskararen Legearen 25. urteurrenean deitutako elkarretaratzeekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu