Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du Nafarroako Gobernuak 2006ean egindako irrati lizentzien banaketa. Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzi zuen orduko hartan Sanzen gobernuak, haren ordez beste bi irratiri emanda emisio baimena. Erabakiaren aurka jo zuen orduan Iruñeko euskarazko irratiak, eta irregulartasunak atzeman dituzte epaileek.
2006an egindako lizentzia banaketan, DOXA enpresari eskatu zion txostena Nafarroako Gobernuak, eta hor irregulartasunak ikusi ditu Nafarroako Auzitegiko Administrazioarekiko Auzi Aretoak. Kontratazio mahaiari, berriz, lana behar bezala ez egitea egotzi dio. Hartara, "deuseztasun akatsa" dagoela erabaki du epaileak, eta bertan behera utzi du lizentzia banaketa.
Bigarren aldia da auzitegiek Nafarroako Gobernuaren gisa bereko araua indargabetzen dutena. 1998an ere Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzi zuen Sanzen gobernuak, eta beste bi irratiri eman zien baimena. Erabakiaren aurka egin zuen irratiak, eta 2005ean etorri zen ebazpena: baliogabe utzi zuen auzitegiak. Prozesua berriro egin behar izan zuen Nafarroako Gobernuak, eta berriro baimenik gabe utzi zuen euskarazko irratia. Eta auzitegiek berriro eman dute ebazpen bera: baliogabea da egindako prozedura.
Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujanda pozik azaldu da epaileen erabakiarekin, "garaipen juridiko garrantzitsua" delakoan. “Epaileek Nafarroako Gobernuaren bidegabekeriak agerian utzi dituzte".
KOMUNIKABIDEAK
Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzi zuen banaketa baliogabe jo dute
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabe jo du Nafarroako Gobernuak 2006an egindako irrati lizentzien banaketa. Sanzen gobernuak lizentziarik gabe utzi zuen Euskalerria Irratia. Ebazpenaren aurka auzitara jo zuen irratiak, eta arrazoi eman diote. Bigarren aldia da auzitegiek Sanzen gobernuaren gisa horretako araua indargabetzen dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu