Komunikazioa

Euskalerria irratiak agerraldia egin du Europako Parlamentuan

Hainbat europarlamentarik uste dute Nafarroako Gobernuaren jarrerak Europako zuzentarauak urratzen dituela.

urtzi urkizu
2013ko apirilaren 18a
18:21
Entzun

Euskalerria irratiko zuzendari Mikel Bujandak Europako Parlamentuko Gutxiengo Tradizional, Komunitate Nazional eta Hizkuntzentzako Taldean hitz egin du gaur goizean, EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaok eskatuta. 

Lizentzia banaketan gertatutakoa salatu du Euskalerria irratiko ordezkariak: "Beste behin ere lehiaketan lehenak ginen, irregulartasunak egin dituzten arte". "Guretzat Euskadi Irratia da gure programazioa osatzeko aukera bakarra, eta ukatu digute, ez digute puntuatu, bidegabeki", esan du Bujandak. Gogoratu du COPEk eta SERek bazituztela lizentziak Iruñerrian: "Irrati legal bakar batek ere ez du euskara erabiltzen". Horrez gain, Europako irizpideak eta zuzentarauak urratzen ari direla salatu du. "Nafarroako Gobernuak gure irratia babesik gabe uzten du, ikaragarri zamatzen du".

Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak honako hau gogorarazi du: "Epaileek behin baino gehiagotan ebatzi dute Euskalerria irratiarekin irregulartasunak egin direla". Horrez gain, "Europako Kontseiluak ere eskatu dio Nafarroako Gobernuari konpon dezala Euskalerria irratiaren egoera".

PPko eurodiputatu nafar Pablo Zalba Bujandaren azalpenak entzuten izan da. Zalbak esan du Nafarroako Gobernuaren azken lizentzia banaketak euskararen erabilpena sustatu duela. "Euskalerria irratia bosgarren geratu da, beste erkidego bateko irrati publiko baten seinalea zabaldu nahi izateagatik". Euskadi Irratiarekin bat egin izana leporatu dio Nafarroako Gobernuak Euskalerria irratiari. SERek eta COPEk, berriz, ez zuten arazorik katean Espainiako beste emisoreekin emititzeko. Lantaldeko presidente Alfonsi korsikarrak (ALE) Zalbari erantzun dio Nafarroako Gobernuaren euskarazko hedabideekiko jarrera "guztiz hipokrita" dela.

Saioaren amaieran, Androula Vassilou Europako Hezkuntza, Kultura eta Eleaniztasun komisarioari Euskalerria irratiaren egoeraz galdetzea erabaki dute, Nafarroako Gobernuaren jarrerak hainbat zuzentarau urratzen dituela iritzita. Bestetik, Alexey Kozhemyakov Europako Kontseiluko Bazterketaren Aurkako eta Gutxiengo Nazionalen Aldeko Saileko buruak Euskalerria irratiari buruzko galdera sinatzera deitu ditu europarlamentariak. Euskalerria irratiari buruzko galdera zenbat europarlamentarik sinatzen duten aste bete barru jakingo da.

Europako Parlamentura ez ezik, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira ere jo du Euskalerria irratiak, helegite baten bitartez. Horretan, salatu du Nafarroako Gobernuak Europako legedia urratu egiten duela emititzeko baimena ukatuz, "adierazpen askatasunaren kontra" egiten baitu.

Europako Kontseiluaren adituen taldeak Hizkuntza Gutxituen Kartari buruzko hiru txostenetan aipatu du Euskalerria irratiaren afera. Azkenekoan honako eskaera hau egin zion Nafarroako Gobernuari: "Berriz azter dezala Euskalerria irratia ez legeztatzeko erabakia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.