irrati lizentziak

Euskalerria Irratiak azpimarratu du lizentzia lortzeko proposamena "bidezkoa eta legezkoa" izan zela

Mikel Bujanda zuzendariak Nafarroako Parlamentuan salatu du gobernuak "irrati jakin batzuen alde" egin duela. 

2013ko martxoaren 27a
14:26
Entzun

Bujandak azaldu duenez, Euskalerria Irratiaren proposamenak lehiaketako "puntu guztiak" betetzen zituen, eta, beraz, uste du "bidegabea" dela lizentziarik jaso ez izana.

Haren ustetan, ez du "inolako funtsik" egozten zaien "ustezko ilegaltasunak"; horregatik, azaldu du lehiaketaren emaitza "oso larria eta kaltegarria" dela irratiaren interesentzat. Nafarroako Gobernuak deitutako lehiaketara aurkeztea lizentzia lortzeko "bide bakarra" dela gogorarazi du Bujandak. 

Nafarroako hiriburuan bi baimen baino ez ziren banatzeko, eta, horren aurrean, Euskalerria Irratiak "bailarako behar komunikatiboak aintzat hartzeko" eskatu zuen. Azkenean, Ser eta COPE irrati kateek eskuratu zituzten lizentzia horiek. Irratiak lizentzien banaketa berraztertzeko eskatu zuen, prozesua "sortzetik ustela" izan zelakoan.

Alderdien txandan, Bilduko Miren Aranoak salatu du gobernuak "euskarari ahalik eta traba eta oztopo gehien" jarri nahi diola. Ildo beretik, Nekane Perez Aralar-Nabaiko legebiltzarkideak esan du Nafarroak euskal hiztunen eskubideak "urratu" egin dituela "beste behin ere".

Ezkerrako Txema Mauleonen iritziz, Euskalerria Irratiko ordezkarien azalpenen ondotik "ez dago inolako zalantzarik" lehiaketaren gainean. Patxi Leuza Geroa Baiko ordezkariak esan du irratiko kideen argudioek "lotsagorritu" egin beharko luketela gobernua. Haren ustetan, irratiak auzitara jo beharko luke, ez duelako lizentziarik lortu UPNren "euskofobia" dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.