Duela 25 urte abiatutako ahalegina nahi baino antzuagoa izan da orain arte. Baina Euskalerria irratiko kideek ez dute amore ematen. Mikel Bujandak Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bilera egin zuen asteartean; irratiaren egoera konpontzeko parlamentuak onartu dituen aginduak gobernuak betearazteko modurik dagoen aztertu zuten.
Nafarroako Parlamentuak eta beste hainbat gizarte eragilek irratiaren auziarekiko erakutsi duten «sentiberatasuna» interesgarria iruditzen zaio Bujandari. Izan ere, sostengurik ez zaie falta. Euskalerria irratiaren egoera konpontzeko eskatuz Nafarroako Parlamentuak hainbat ebazpen onartu ditu, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak kontzesioen inguruan irratiari eman dio arrazoi hainbatetan. Espainiako Kongresuak berak Euskalerria irratia bezala «borondaterik gabe egoera irregularrean» dauden irratien egoera berrikusteko agindua onartu zuen.
Nafarroako Gobernuak, eskari horiei guztiei kasurik ez die egiten, ordea, eta Net21 eta Radio UN irratiei berritu dizkie lizentziak, ustez irregularrak badira ere. Nafarroako Epaitegi Gorenak 2006an Euskalerria irratiari arrazoia emanez plazaratutako ebazpenaren aurka helegitea jarri du UPNren gobernuak, eta helegite hori argitu bitartean, lizentziak berritzea erabaki du. Erabakia zeinen kritikagarria den gogorarazi du Bujandak. «Auzitegiek kolokan jarri dituzten irratiak daude; adibidez, Antena3 aspaldi desagertu zen eta Radio Blanca ez zen martxan jarri». Irrati horien lizentziak berrikusteko arrazoiak daudela esan du Bujandak.
Lizentzia lortzeko lanean jarraituko dutela esan du Bujandak. «Lehen kontzesioak eskatzen genituen, orain lizentziak eskatuko ditugu, baina beti formalki egingo dugu». Bitartean, gizartearen, Nafarroako Arartekoaren, Nafarroako Parlamentuaren eta abarren laguntza eskertuko dute. «Ea guztion artean konbentzitzen dugun gobernuan dagoena jaramon egitera». Botere erabilera «gehiegizkoa» eta «baztertzailea» dela salatu du: «Nola da posible agintariek parlamentuari kasurik ez egitea?».
Eskubiderik gabe
Euskalerria irratiak «alegaltasun» egoeran jarraituko du lanean. Baimen falta oztopo handia dela gogorarazi du Bujandak, izan ere, eskubiderik gabeko irratia da gaur egun. «Gizarte demokratikoak eta ez demokratikoak alderatuz, diferentzia nagusi bat dago: segurtasun juridikoa». Hori da, hain zuzen ere, Euskalerria irratiari ukatzen zaion eskubidea. Gainera, eskubide horiek izango balitu, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen dizkien diru laguntzak eskuratzeko aukera izango luke. «Badakigu ematen dutena miseria bat dela, baina guri zuzenean urratzen zaigu eskubide hori». Egoera «prekarioa» eskubideak urratzeko modu bat dela dio.
Nafarroako Gobernuak egoera hobetzeko hamaika aukera izan dituela oroitarazi du Bujandak. «Baina, gai honetan itsukeriaz eta egoskorkeriaz ari da; ezetz eta ezetz, ume kasketatsu bat bezala».
ELA sindikatuak Euskalerria irratia baimenik gabe uztea eta «ekonomikoki itotzea» onartezina dela salatu du. Hortaz, Nafarroako Gobernuak gai honetan hartzen dituenak, informazio aniztasunaren eta «gure herriko» kulturaren aurkako erabakiak direla salatu du. Hau guztia UPNk zuzentzen duen gobernuak euskararen aurka erakusten duen jokaera «lotsagarriaren» emaitza baino ez dela pentsatzen du sindikatuak.
Kronologia
Euskalgintzako elkarteena, Nafarroako Arartekoarena, Nafarroako ia talde politiko guztiena, epaileena... Eragile askoren sostengua jaso dute Euskalerria irratiaren aldarrikapenek igaro urteotan. UPN, ordea, beti egon da tematuta eta ez du euskarazko hedabidearen jarduna legeztatzearen alde egin. Hona ibilbidea, pausoka:1988. Azaroak 7 zituen Euskalerria irratiak bere lehendabiziko irrati emanaldia eskaini zuenean. Ordutik behin eta berriz eskatu dio lizentzia Nafarroako Gobernuari.
1990. FMko irrati lizentzien lehendabiziko banaketan Nafarroako Gobernuak baimenik gabe laga zuen Euskalerria irratia.
1998. Lizentzien banaketa egin zuen berriro ere Nafarroako Gobernuak, eta aurreko aldian bezala, Euskalerria irratia lizentziarik gabe utzi zuen. Emititzeko baimena eman zien Net21 kateari eta Nafarroako Unibertsitateko irratiari. Erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu zuen Euskalerria irratiak.
2005. Euskalerria irratiak lizentzien banaketaren kontra jarritako helegitea onartu egin zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak; baliogabetu egin zuen lizentzien banaketa.
2006. Berriz irrati lizentziak banatzeko deialdia egin zen, eta Nafarroako Gobernuak eraturiko kontratazio mahaiak Net21 eta Nafarroako Unibertsitateko irratiaren alde egin zuen, berriro ere, Euskalerria irratiaren eskaria bazter batera utziz. «Trikimailuak» salatuz helegitea aurkeztu zuen, berriro, hedabideak.
2010eko otsaila. Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliorik gabe laga zuen 2006an egindako irrati lizentzien banaketa ere. Esleipen hori ere ez zen behar bezala egin, epaiaren arabera; «okerrak» izan zituen. Ebazpena «oso garrantzitsua» zela esan zuen Mikel Bujanda irratiko zuzendariak. Egun gutxi batzuen buruan, epaia «errespetatu eta onartu» egiten zutela esan zuen Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko bozeramaileak; argi utzi zuen, hala ere, epaiak ez ziola eskubiderik onartzen Euskalerria irratiari lizentzia izateko.
2010eko martxoa. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jarri ziola jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak, eta Espainiako Auzitegi Gorenak deus erabakitzen ez zuen bitartean ez zuela emango irrati lizentziarik.
2010eko azaroa. Auzitan dagoen arazoa argitu ez dela argudiatuz, lizentziak berritu ditu Nafarroako Gobernuak.