lizentziak

Euskalerria irratiak dio lehiaketa baliogabetzeko "arrazoi sendoak" badirela

Epaimahaiaren erabakia berraztertzeko eskatuko dute irratiko arduradunek; salatu dute lehiaketa "sortzetik ustela" izan dela.

edurne elizondo
2013ko otsailaren 4a
17:08
Entzun

Euskalerria irratiak ez du zalantzarik. Iruñeko bi irrati lizentziak banatzeko egindako lehiaketa "hainbati mesede" egiteko eta "bertze zenbaiten kalterako" prestatu du Nafarroako Gobernuak, eta nahi zuena lortu du: Euskalerria irratia baimenik gabe uztea. "Sortzetik ustela" izan da lehiaketa, Juan Kruz Lakasta koordinatzaileak nabarmendu duenez, eta, ondorioz, lehiaketa hori baliogabetzeko eskatzeko "arrazoi sendoak" badirela erantsi du Mikel Bujanda zuzendariak. Hasteko, ebatzi berri den lehiaketa berraztertzeko eskatuko du Euskalerria irratiak.

Lehiaketa lizentzia lortu dutenei mesede egiteko prestatu zuela argi du Iruñerriko irratiak. Euskarari emandako tratamendua izan da ondorio hori ateratzeko arrazoietako bat. Eremu euskaldunean gehienez ere hamar puntu lortzen ahal ziren, euskarari esker. Programazioaren %50, gutxienez, euskaraz egitea behar zen horretarako. Eremu mistoan, berriz, gehienez ere bost puntu lortzen ahal ziren, programazioaren %20, gutxienez, euskaraz egiteagatik. Eremu mistoan da Iruñea. "Euskara apur bat erabiltzeagatik puntuak lortzeko aukera bazen; programazio osoa euskaraz egiteagatik, berriz, ezin zen puntu gehiago lortu", salatu du Reyes Ilintxeta esatariak.

Antzeko gauza gertatu da hautagaiek aurretik lizentzia ote zuten edo ez aztertzerakoan. Aurretik lizentziarik ez zutenek gehienez ere sei puntu lortzen ahal zituzten lehiaketan; bazutenek, berriz, lau puntu eskuratzen ahal zituzten, programazio ezberdina egiteko edo lizentzia hirugarrenari ez saltzeko asmoa agertuz gero. "Ez da pluraltasuna saritu; Cope eta Ser irratien neurrira egindako lehiaketa izan da", erran du Bujandak.

Egoera horretan, Euskalerria irratiak eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: eska dezala Iruñerako lizentzia gehiago, eta antola dezala, lehenbailehen, lizentzia horiek banatzeko lehiaketa. 1998. urtean egindakoaren harira, bertzalde, Nafarroako epaileek bitan Euskalerria irratiaren alde plazaratutako sententzien aurka aurkeztutako helegitea bertan behera uzteko eskatu diote irratiko arduradunek Nafarroako Gobernuari. Iruñeko diala aztertzea galdegin diote, halaber, dauden beharrak ikusi, eta haien araberako lehentasunak ezartzeko. Herritarrei ere egin diete eskaerarik Euskalerria irratiko kideek: haien babesa eta sostengua eskatu dute, Euskalerria Irratia Elkartearen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.