Hizkuntza Gutxituen Ituna urratzen du Nafarroako Gobernuak, Europako Batzordearen arabera. Besteak beste, Euskalerria irratiari lizentziarik ez emanda. Hala, euskarazko irrati bat bermatzeko eskatu dio Europak. Hori dela eta, Euskalerria irratiak esan du berari lizentzia ematera "behartuta" dagoela herrialdeko gobernua.
"Europako Batzordeak Euskalerria irratiari buruz egindako txostena garrantzi handikoa da mamiarengatik, ikuspuntuarengatik eta mintzatu dena ez delako nornahi. Izan ere, Europako Kontseiluak onetsi du Adituen Txostena. Hau da, Europako ministroen batzarrak bere egin du Nafarroako Gobernuari Euskalerria irratia legeztatzeko egiten zaion eskaera. Europako ministroen batzarra ari da eskatzen Euskalerria irratia legeztatzeko", esan du Mikel Bujanda irratiko zuzendariak gaur, Iruñean, gaiari buruz emandako prentsaurreko batean.
Bujandaren arabera, "bete beharreko eskaera da. Nafarroako Gobernuak ezin du urratu. Eta ez urratzeko Euskalerria irratiari lizentzia eman behar dio, txostenak argi zehazten duenez". Gobernuak horretarako aukerak badituela esan du irratiko zuzendariak: 1998ko lizentzia banaketa zuzentzea edota zabalik den lizentzia banaketan Europako irizpideak aintzat hartzea.
Nafarroako Gobernuak 25 urte daramatza baimena ukatzen Euskalerria irratiari, hura sortu zenetik.
Europako estatu kideek Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen dituzten aztertzen du Europako Batzordeak aldian-aldian. Espainiako Gobernuak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi zuen itun hori. Harrezkero, bi txosten eginak zituen Europak; hirugarrena argitaratu zuen lehengo astean, eta hainbat eskakizun egin dizkie Nafarroako eta Espainiako gobernuei, euskararen erabilera bermatzeko.