Iruñeko Udalak Euskalerria Irratiaren aldeko mozioa onartu du, Nafarroa Bai 2011, Bildu, Aralar, Ezkerra eta PSN taldeen aldeko bozarekin. UPNk eta PPk kontra bozkatu dute. Mozio horren bitartez, eskaera zehatza egin dio Iruñeko udalbatzak Nafarroako Gobernuari: ahalik eta lasterren eska diezaiola Espainiako Industria Ministerioari Iruñerako lizentzia gehiago, eta lizentzia horien bidez berma dezala haietako bat programazioa osorik euskaraz emititzen duen irrati bati ematea. Euskalerria Irratia baimenik gabe gelditu da berriki, bertze behin, Nafarroako Gobernuak lizentziak banatzeko antolatu lehiaketaren eskutik. Lehiaketa hori baliogabetzeko "arrazoi sendoak" badirela salatu dute irratiko kideek, hala ere, eta berraztertzeko eskatu diote gobernuari.
Ez da Iruñeko Udalak Euskalerria Irratiaren aldeko mozioa onartzen duen lehen aldia. 2012ko ekainean eta urrian ere mozio bana onartu zuen Nafarroako hiriburuko udalbatzak, Iruñerrian emanaldiak euskaraz egiten dituen irrati bat izatea "beharrezkoa" dela adierazteko. Udaletxeko osoko bileran gogora ekarri dute oraingo mozioa onartu duten alderdiek aurretik onartutako mozio horiek ez dituela kontuan hartu administrazioak. Hori dela eta, "premiazkotzat" jo dute gobernuak lizentzia gehiago eskatzeko urratsa egitea, eta haietako bat euskarazko irrati batentzat izanen dela zehaztea.