EUSKARA

Euskalgintzak aurrerapausotzat jo du Iruñeko Udalaren ordenantza

Iruñeko Euskalgintza taldeak begi onez ikusi ditu euskara ikasleendako diru laguntzak eta Euskararen Kontseiluaren sorrera, baina kontratazioen atala txarretsi du

Iruñeko Euskalgintzako ordezkariak, gaur eginiko agerraldian. BERRIA
Ion Orzaiz.
2018ko azaroaren 6a
08:45
Entzun

Pozik, baina zuhur. Iruñeko Udalak berriki onartutako Euskararen Ordenantzaren balorazioa egin dute Iruñeko Euskalgintza taldea osatzen duten erakundeek (AEK, IKA, Nafarroako Ikastolak, Kontseilua, Sortzen, Administrazioan Euskaraz...) eta, oro har, aurrera urrats gisa definitzen duten arren, hutsuneak dituela nabarmendu dute.

"Pozten gaitu aldaketa aldarrikatzen duten lau indar politikoen artean Iruñeko Euskararen Ordenantza aldatzeko adostasuna erdietsi izanak. Izan ere, mahai gainean dagoen aldaketarekin, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko aurrerapausoa egiten dela ulertzen dugu", esan dute gaur goizean eginiko agerraldian.

Zehazki, begi onez ikusi dute "UPNk 1997ko ordenantzari murriztutakoak bere onera ekarri" izana: "Euskararen aldeko behar zuen tresna euskararen kontra egiteko baliatu zuen UPNk". Ordenantzak, gainera, erabilgarritasuna duela nabarmendu dute. "Marko juridikoak herritarrari heldulekuak ematen dizkio bere eskubideen defentsan".

Aurrera urratsen artean, euskara ikasteko diru laguntzak azpimarratu ditu Iruñeko Euskalgintzak: "Jasotzen dira, esate baterako, euskara ikasleendako diru laguntzak (Iruñerrian, Iruñea zen hiri bakarra ikastaro estentsiboetarako laguntzarik ematen ez zuena); idatzietan bi hizkuntzak erabiltzean euskarak ezkerreko edo goiko tokia edukitzea; Euskararen Kontseilua sortzea; edo azpi-kontratazioetan zerbitzuak hala eskatzen duenean, langile elebidunak kontratatzeko exijentzia". Neurri horiek Iruñeko Udalak inguruko udalerriekiko zeukan "defizita" kitatzeko balioko dutela uste dute euskaltzaleek. "Euskalgintzaren aldarrikapenak ziren, eta pozten gaitu horiek jaso izanak".

Hala ere, kontratazioen atalean iritzi ezkorragoa plazaratu dute: "Ez da aurrerapausorik ematen, eta neurri batean, atzera egiten da". Zehazki, kontratazioetarako ez da jasotzen hizkuntza eskakizunak ezartzeko gutxieneko kopururik. "Aurreko ordenantzan bezala, arau berriak jasotzen du udalaren lantalde organikoan zehaztuko direla zer lanpostutan behar den euskaraz jakitea, eta gehitzen du jendearekin duten harremanagatik edo, aurrez aurrekoak izan gabe, herritar euskaldunei arreta emateari lotuta dauden lanpostuei ezarriko zaiela. Ez du zehazten, ordea, ezaugarri horiek dituzten lanpostuetatik gutxienez zenbaiti ezarriko zaion hizkuntza eskakizuna".

Udalaren gaur egungo lantaldean, euskara eskakizun duten lanpostuen kopurua "hutsaren hurrengoa" dela gaineratu dute: "Haur Eskolak aintzat hartu gabe, lanpostuen %3,14k dute eskakizuna ezarrita". Horregatik, udalari eskatu diote kontratazio berri guztietan hizkuntza eskakizuna ezar dezala, bereziki herritarrekin harremana izanen dutenetan. "Horrela, langile berriak sartu ahala plantilla euskalduntzeko bidea egin daiteke".

Merituen atalak ere jaso ditu euskalgintzako erakundeen kritikak. "97ko ordenantzak askatasuna ematen zuen meritua nahi bezala puntuatzeko. Oraingo erredakzioak, berriz, Foru Dekretuak xedatzen duenari lotzen dio merituen balorazioa. Dekretuak dioena aplikatuz, oposizio lehiaketetan euskara gehienez ere %2,1 puntuatu ahal izango da unitate organikoetako lanpostuetan eta %4,2 herritarrekin zuzeneko harremana dutenetan". Puntu hori bereziki larritzat jo dute euskalgintzako ordezkariek, eta aldatzeko eskaria egin diote udalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.