Komunikazioa

Euskalgintzaren babesa jaso dute lizentzia lehiaketara aurkeztu ziren euskal irratiek

Antxeta Irratiak, Araba Irratiak, Justuri Irratiak eta Euskal Irrati Zerbitzuek helegitea aurkeztu dute, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko lehiaketaren prozesua buka dezala.

urtzi urkizu
2013ko martxoaren 26a
14:36
Entzun

Iaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 34 irrati lizentzia banatzeko lehiaketa jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak. Urrian, lehiaketako behin-behineko erabakia hartu zuen PSE-EEren gobernuak. Baina abenduko aurreneko astean, lizentziak eman gabe utziko zituela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak. 

Lehiaketaren prozesuan irregulartasunak izan zirela argitaratu zuen joan den astean BERRIAk. Behin-behineko erabakiaren arabera lizentzia jaso behar zuten euskarazko hainbat irratik nabarmendu dute prentsaren bitartez jakin dutela "eskandalu" horren berri. Halaber, Antxeta Irratiak, Araba Irratiak, Justuri Irratiak eta Euskal Irrati Zerbitzuek helegitea aurkeztu dute, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko lehiaketa berriz har dezala irregulartasunak hasi ziren puntuan. "Prozesua bukatzeko jar ditzala indar guztiak, eta ez, ordea, behin betiko bertan behera uzteko".

Euskal irrati horietako arduradunak euskalgintzako eragileekin bildu dira gaur goizean Andoainen, prozesuaren berri eman eta babesa eskatzeko. Alberto Barandiaran Hekimeneko lehendakariak nabarmendu du euskarak ez duela tratu onik izaten horrelako leihaketetan: "Aukera historiko bat zen lehiaketa toki garrantzitsuetan euskarazko eskaintzak izateko. Babesten dugu irrati hauen bidea, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu erabakiak hartu ziren tokira itzultzeko".

Agus Hernan Antxeta Irratiko lehendakariak azaldu du iaz "itxaropenez" hartu zutela lehiaketa, euskarazko 11 erreserba zeudelako. Behin-behineko adjudikazioan, gainera, euskarazko hamahiru irratik lortu zuten lizentzia. "Baina deskubritu dugun eskandaluaren erdian bahituak sentitzen gara. Interes politikoak egon dira tartean, eta euskara izan da kaltetua". Hernanek gogorarazi du lehiaketara proiektuak aurkezteko irratiek "kostu pertsonal eta ekonomiko handia" izan zutela.

Ibon Altuna Euskal Irrati Zerbitzuak enpresako (Hamaika-Soinuola) administratzaileak prozesuan izan diren irregulartasunak salatu ditu. Tartean, frekuentzia guztietan, 1,37 puntu gutxiago eman zizkieten Onda Vascaren proiektuei. "Helegitea aurkeztu dugu, irregulartasunak zuzendu eta lehiaketarekin jarraitzeko. Ez litzateke justua behin-behinean lizentzia izan dugunontzat beste lehiaketa bat hastea".

Eusko Jaurlaritzak apirilaren 4ra arte du epea aipatutako irratien helegiteari erantzuteko. Lehiaketa bertan behera uzten badute prozesuak "urteak eta urteak" iraun dezakeela uste du Hernanek. "Baina oinarri juridikoak ditugu irabazteko. Zentzuzkoa da prozesua bukatzea eta diala ordaintzea". 27 urteren ostean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan banatzen diren lehen lizentziak lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.