Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuorde Patxi Baztarrikaren arabera, aurreko urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasle kopuruetan izandako beherakada geratu egin da aurten. Urriaren 31 bitarteko datuak eman dituzte: 24.872 ikasle ari ziren euskara ikasten. "Eta kopuruak, igaro hamar egun hauetan, gora egin du". Iazko datua –25.183 ikasle– aurki gaindituko duten esperantza dute. HABEk euskaltegiekin batera izan duen elkarlanari egotzi dio, hein handi batean, aldaketa. Aurreko ikasturteetan, hurrenez hurren, %6,33, %5,48 eta %7,09ko beherakadak zenbatu zituzten ikasle kopuruan eta egoerari aurre egitea oso garrantzitsua zela oroitarazi du.
Datuon berri emateko agerraldian, gaur goizean, HABEko zuzendari Joseba Erkiziak jakinarazi du A1 eta A2 mailak gainditzen dituzten ikasleei ziurtagiriak ematen hasteko asmoa dutela. "Ez ditugu hizkuntz eskakizun berriak sortu nahi", azaldu du. Baina ziurtagiri horiek hainbat sektoretan –adibidez ostalaritzan– lanean dabiltzanentzat baliagarriak izan daitezkeela adierazi du.