Euskaltelek 32,5 milioi irabaziko ditu aurten, eta telefonia mugikorra du erronka 2007an

Orange berriro migrazioa «trabatzen» saiatu arren, bezeroen «babesa» lortzen ari da euskal operadorea

2006ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Iaz baino %35 gehiago eta 2004an halako bi. Euskaltelek aurten, 32,5 milioi euro garbi irabaziko ditu. «Emaitza zoragarriak», konpainiako presidente Jose Antonio Ardanzaren hitzetan. Telekomunikazioen sektoreak hazkunderik ez baitauka eta euskal operadoreak inbertsio handia egi baitu independente izateko. Hurrengo urteko erronka: «Behin migrazioa bukatuta, telefonia mugikorreko negozioa egonkortzea».

Ardanzak azaldu du oraindik liskarretan dabiltzala Orangekin. Hilaren 11n ekin zion Euskaltelek migrazioari. «35.000 bezerorekin hitz egin dugu, eta 30.000k jada gurekin jarraitzeko kontratua sinatu dute». Egunero 3.000 bezeroren «babesa» jasotzen du euskal operadoreak. Gaur-gaurkoz, ordea, bospasei bakarrik eraman ahal izan ditu sare propiora. «Orangeren joko zikinagatik. 2.000 bat eskaria helarazi dizkiogu, baina erantzun digu sare aldaketak egiteko sistema berri bat jarri duela martxan, eta prozesua eten du».

Ez luzaroan. Orain arteko sistema bera erabiltzeko agindu baitio Espainiako Telekomunikazioen Batzordeak. Migrazio prozesua «sano» azkartuko dela eta bezeroek Euskaltel berriari harrera ona egin diotela jakinarazi du konpainiako zuzendari nagusi Alberto Garcia Erauzkinek. «5.000 bezero berri lortu ditugu».

Telefonia mugikorrarekin tematuta dago euskal operadorea une honetan, baina ez da beste negozioez ahaztu. Telefonia finkoan, esaterako, 327.000 bezero dauzka -merkatu kuotaren %45-. «Buru» da, halaber, interneteko banda zabalean: 146.000 linea, eta EAEko erabiltzaileen %44. Telebista digitalean aurrerapauso handia eman dutela ohartarazi du Erauzkinek, gainera. «46.000 bezero dauzkagu, EAEko merkatu kuotaren %33, alegia».

Negozio guztietan gora doa Euskaltel, sektorea egonkortu egin den arren. «Pastela» ez da handitu 2003tik hona. Konpainia guztien artean 1.250 milioi euro irabazten dituzte urtero. «Gu, ordea, gero eta puska handiagoa daukagu». Diru sarreretan %6haziko da euskal operadorea 2006an: 333 milioi euro lortuko ditu. Hurrengo urtean beste %6 igo eta «aurten baino euro bat gehiago» irabazi gura dutela zehaztu du Erauzkinek.

«Telefonia mugikorreko 35.000 bezerorekin hitz egineta 30.000k jada kontratua egin dute gurekin segitzeko»

JOSE ANTONIO ARDANZAeuskalteleko presidentea«Diru sarrerak beste %6handitu eta aurten baino euro bat gehiago irabazi gura dugu 2007an»

ALBERTO GARCIA ERAUZKINEuskalteleko zuzendari nagusia

Datua

333 Diru sarrerak %6 igo ditu Euskaltelek: 333 milioi euro lortu zituen iaz, telekomunikazioen merkatua egonkortu egin den arren. Sektoreak urtero 1.250 milioi euroren diru sarrerak dauzka Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Ez da jaisten, baina ez da igotzen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.