Euskara

Euskaltzaindia Atharratzen izango da ostegunean eta ostiralean

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du datorren ostegunean Atharratzeko plazan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Manuel Intxauspe idazle zuberotarraren omenez. Jean Hartxileharrek, Jakes Sarrailletek, Junes Casenavek, Txomin Peillenek, Pierre Agerrek eta Piarres Xarrittonek Intxausperen lanaren inguruko gogoetak plazaratuko dituzte.

2003ko irailaren 23a
15:38
Entzun
Ekitaldiak ostegunean, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, Atharratzeko auzazpez Erbinen agurrarekin. Ondoren, Jean Haritxelhar euskaltzainburuak sarrera hitzak egingo ditu.Jakes Sarrailletek Euskaltzaletasuna gaur Basaburuan hitzaldia egingo du; Junes Casenave Altzaiko erretoreak, Nor zen Intxauspe kalonjea izenburukoa; Txomin Peillenek Elizaren etsaiak XIX. Gizaldian Intxausperen arabera ; Jean Haritxelhar Intxauspe Axularren argitaratzaile eta berrikusle hitzaldiaz arduratuko da; eta Pierre Ager eta Pierre Xarrittonek Intxausperen altxorra Zunharretako Harizmendi haren sortetxekoen eskuetan izenburukoa.

Manuel Intxauspe (1815-1902) laborarien semea izan zen, Zunharretan, Atharratzetik hurbil, sortua. Apaiza izan zen eta bere elizlanak Baiona aldean egin zituen. Bera izan zen Bonaparte Printzearen gidari eta laguntzaile. Lan anitz idatzi zuen, besteak beste, Jesu Kristen Ebangelio Saintia Sen Matiuren arauera , Iturriagaren Dialogos -en zubererazko itzulpena, La verbe basque , Eguiazco erreligionia , Maria Biirjinaren hilabetia edota Kantika Saintiak . Bere lanetan, zubereraz gain, lapurtera ere erabili zuen.

Ostegunean ageriko bilkura egin ondoren, hurrengo egunean, irailaren 26an, Euskaltzaindiak osoko bilkura egingo du Atharratzen bertan, goizeko 09:00etan hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.