Euskaltzaindiak bat egin du Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak antolatuta larunbat honetan Baionan euskararen ofizialtasunaren alde izango den manifestazioarekin. Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat lelopean izango da martxa —17:00, Xaho kaia—, Ipar Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala izan dadila eskatzeko.
Euskaltzaindiak bere zuzendaritzaren ohar batean dio duela hemezortzi urte Miarritzen Frantziako Gobernuari euskarak Iparraldeko hiru probintzietan ofizialtasuna eduki dezala eskatu ziola. "Eskaerak ez zuen segidarik ukan, eta geroztik Frantziak ez du jarrera aldatu: eskualdeetako hizkuntzei beti ukatzen dizkie zinezko ofizialtasuna eta legearen geriza. Egia da 2008an Konstituzioari aldaketa batzuk egin zizkiola, eskualde hizkuntzak Frantziako ondarearen parte direla errateko. Pentsa zitekeen hizkuntza horiek Konstituzioan aipatzearekin zerbait ezagutza ere hartzen zutela, eta hizkuntza horien hiztunak, ondorioz, testu berri hartan bermatzen ahalko zirela beren hizkuntzaren defendatzeko. Zorigaitzez, egiazki ez da hala gertatu".
Iparraldeko herritarrek legearen gerizarik gabe segitzen dutela gogoratu du euskararen akademiak, "eta haien mintzairaren ofizialtasunaren eskaera sekula bezain bidezkoa eta zuzena da".
Lehengo astean jakin zen Georges Labazee Pirinio Atlantikoetako presidenteak eta Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko buruak sostengua eman diotela Baionako manifestazioaren aldarrikapenari.