1919ko urriaren 7an egin zuen lehenengo batzarra Euskaltzaindiak, gaur ekitaldia egin duen toki berean: Gipuzkoako aldundiaren egoitzan. Batzar horretan, Resurreccion Maria Azkue aukeratu zuten elkarteko lehendakari. Bilkuraren mendeurrena ospatzeko ekitaldia izan da goizekoa, eta, horrez gain, amaiera eman dio ehungarren urteurrena ospatzeko antolatu duen ekitaldi sortari. Euskaltzaindiak iraganeko lorpen garrantzitsuenei erreparatu die, baina etorkizunera begira ere jarri da, eta euskararen garapenerako "lan ildo" nagusienak zehaztu ditu. Euskararen nazioartekotzea, digitalizazioa, profesionalizazioa eta gizarteratzea aipatu ditu Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak.
Euskaltzaindiaren ekitaldian parte hartu dute Euskal Herriko erakunde publikoetako ordezkari nagusiek, eta euskalgintzako eta kultur arloko hainbat eragile eta kidek. Horien artean izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bakartxo Ruiz Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Lorea Bilbao Bizkaiko aldundiko Kultura diputatua.
Urrutiak erakundeei eta gizarteari dei egin die euskararen alde lanean jarraitzera, euskara "batzen gaituen ondare kulturalaren elementu esanguratsu, gure izatearen sinbolo eta gizarte kohesiorako erreminta" den heinean.
Elkarteko lehendakariak gogora ekarri nahi izan ditu ehun urteko ibilbidean Euskaltzaindiak izan dituen "lorpenak". Euskararen lurralde guztietan "aholkulari ofizial" bihurtu dela adierazi du, eta euskara "erakundetzea" lortu duela. "Euskaltzaindia beti egon da hor, euskal komunitatea babesten eta bultzatzen". Urrutiak gaineratu du "bateko eta besteko gobernuekin" egin dutela lan hori, eta azpimarratu du euskararen akademia "mugaz gaindikoa eta plurala" izan dela bere sorreratik; "euskara ere mugaz gaindikoa delako, eta plurala den hiztun komunitate bat biltzen duelako".
Etorkizunean ere ildo beretik jarraitzearen alde mintzatu da Urrutia. Eukaltzaindiak euskal gizarteko kultur eragileekin elkarlanean jarraitu behar du, haren iritiz, "era ahalik eta irekienean".
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak euskarak azken mendean izan duen garapena goratu du, baina etorkizunean "erronka izugarriak" izango dituela ohartarazi du. Esparru sozioekonomikoak eta hizkuntzaren transmisioan urratsak emateko beharra aipatu du, baita euskararen erabilera aisialdian, eremu digitalean eta kultur edukietan indartzeko beharra ere.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak euskara "bidegurutze batean" dagoela nabarmendu du eta ezinbestekotzat jo du hari "bultzada berri bat" ematea. Horretarako, gizartearen eta erakundeen arteko elkarlanera deitu du.