Andres Urrutia. Euskaltzainburua

«Euskaltzaindiak garaian garaietara egokitzeko ausardia erakutsi du»

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Esker honez hartu du Andres Urrutia euskaltzainburuak Korrikak eta AEK-k Euskaltzaindiari egindako omenaldia. «Urte hauetan erakundean lanean aritu garen guztiontzat da aitortza», adierazi du. Erabileran ikusten du euskararen iraupenaren ardatza.

Pozik hartuko zenuten AEKren eta Korrikaren omenaldia, ezta?

Bai, noski. Ni uste, gainera, heldutasun baten seinale dela. Garai batean Euskaltzaindia izan zen AEKren sortzaile eta babeslea. Gero bakoitzak bere ibilbideari ekin zion; eta, orain, berriro ere, bat egin dugu euskal kulturaren, euskalgintzaren inguruan. Hori oso pozgarria da. Garrantzitsua da ikustea Euskaltzaindia gai izan dela urte hauetan halakoak abian jartzeko, etahoriek beren bidea egiten ari direla. AEKren gisakoan lana, gainera, txalogarria eta eredugarria da.

Halako omenaldiak urteetako lanaren emaitza dira, ezta?

Zalantzarik gabe. Omenaldia jaso dugu, baina omendua erakunde osoa da. Sorreratik haren inguruan lanean aritu direnak egin dute Euskaltzaindia. Historia luze baten oinorde gara gu. Aitortza honek, gainera, esan nahi du lanean jarraitu behar dugula, eta Euskaltzainditik gure ekarpena egiten jarraitu behar dugula euskalgintzari. Egungo eta etorkizuneko premiei erantzuten jarraitu behar dugu.

Omenaldiari lotuta Euskaltzaindiaren historiaren nondik norakoei buruz aurkeztutako film luzea ere aipatzekoa da.

Egia esan, Euskaltzaindia bezalako erakunde baten inguruko historia egitea ez da erraza. Une honetan erakundearen historia osatzeko proiektu bat martxan da, Jose Luis Lizundiak gidatuta. Joan Mari Torrealdaik ere ekarpen garrantzitsua egin du. Baina, bai, poztekoak dira halako proiektuak. Lan txukuna egin dute.Esango nuke dokumentalerako aukeratu duten izenburua oso egokia dela: Zenbait gazte ausart. Izan ere, adinez gaztea izan ez arren, buruz eta gogoz erakunde gaztea da. Ausarta ere badela uste dut, ausardia eta jakinduria izan baitu garaian garaietara egokitzeko.

Urte hauetan egindako lanaz zer azpimarratuko zenuke?

Bi gauza nabarmenduko nituzke. Batetik, normatibizazio lana. Hau da, toponimiaren, gramatikaren, literaturaren eta bestelako hamaika alorretan abian jarritako proiektu nazionalak. Bestetik, Jagon sailetik euskararen sustapenaren alde antolatutako ekimenak, egindako lana. Orain egiten ari garena ere aipatzekoa da; euskararen historia soziala. Horrelako proiektuek esanahi handia dute.

Garai zailetan dago euskalgintza, ezta?

Bai, halaxe da. Egoera horri aurre egiteko ezinbestekoa da sinergiak sortzea, eta borroka egiten jarraitzea. Izan ere, gauzak ez dira berez etorriko. Orain arte bezala, lanean jarraitu behar dugu. Ekin eta jarrai da gure leloa.

Eta euskararen egoera nola ikusten duzu?

Lekuaren arabera, zertarako erabiltzen den, eta noren ahotan desberdina da. Lortu dugu, adibidez, euskara unibertsitatean presente egotea. Baina ez dugu lortu euskara sarritan gure familian, etxean, barneko giroan izatea. Lortu dugu ofiziala izatea hainbat lekutan, baina ez toleratua izatea leku guztietan. Beraz, argi-ilunak ditugu.

Ofizialtasunak izan behar al du erronka?

Erronkak erabilera handitzea izan behar du. Mesedegarria, beharrezkoa eta komenigarria izan arren, ofizialtasunak berez du bermatuko euskararen iraupena. Bai, ordea, erabiltzeak

Korrika aukera polita izango da hori aldarrikatzeko ezta?

Nik uste aukera ona daukagula horretarako. Baina uneoro egin behar da. Egunerokoan erabili behar da euskara. Kasu honetan, Korrika bi urtetik behin egiten da, eta, aldi berean, AEK egunero ari da euskalduntze eta alfabetatze lanean. Hori da sustraiko lana, benetako lana. Korrikaren bidez egiten dena da lan hori gizarteratu, eta hori ere erabakigarria eta garrantzitsua da.

Ba al duzu oroitzapen berezirik Korrikaren harira?

Korrika hasi zenean kanpoan ikasten ari nintzela dut gogoan. Baina, batez ere, AEK-k izan zituen garai zailak ditut buruan. Zorionez, orain AEK-k oinarri sendoak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.