Sortu zenetik euskara «maitatu, ikasi, aritu etazaindu»duelako, Euskaltzaindiaren lana aitortu eta eskertu dute Korrikak eta AEK-k. Omenaldi «xumea baina sentitua», Edurne Brouard Korrikako arduradunaren hitzetan. Andres Urrutia euskaltzainburua «eskertuta» azaldu da omenaldiagatik. «Gurekin batera lanean ari diren Euskaltzaindiko langile guztiena da saria».
Ekitaldia atzo izan zen Donostiako Kursaal jauregian. AEK-ko eta Euskaltzaindiko kideekin batera, hor izan zen euskalgintzako ordezkaritza zabal bat. Brouardek gogoan izan zuen Rikardo Arregi idazleak eskatuta bultzatu zituela Euskaltzaindiak alfabetatze taldeak. Lehenbizi gau eskolen bidez, eta gero AEKren bidez. «Euskaltzaindiaren magalean sortu ginen». Baina hori ez ezik, Euskaltzaindiak euskararen erabileraren eta iraupenaren alde egindako «lan eskerga» ere omendu nahi izan zuten. «Ukaezina da gaur egun euskara batuak gure hizkuntzaren iraupenari ekarri dion onura. Ez da ahaztu behar, gainera, euskalkien ondarea gorde eta berreskuratzearen alde egin duen lana». Hala, etorkizunean ere lan horretan jarraitzeko eskatu zien Brouardek euskaltzainei.
Urrutiak «behar-beharrezkotzat» jo zituen Euskaltzaindia erakundea euskalgintzaren esparruan. «Garbi izan behar dugu euskara bat eta bakarra dela, betiere lurralde bakoitzean bere ñabardurak izanda. Gure xedea izan da hori zabaltzea lehen, orain eta gero. Horri eutsi behar diogu, guztien laguntzaz. Hori hala den neurrian Euskal Herria bat izango da».
Atzoko ekitaldian ere, Euskaltzaindiaren historiaren nondik norakoak jasotzen dituen Zenbait gazte ausart dokumentala aurkeztu zuten. Alexander Silva, Iker Ugalde eta Ekaitz Herrera dira egileak, eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean ari dira ikus-entzunezkoak ikasten. Ikasketa amaierarako prestatu eta landu duten proiektua da dokumentala.
Hogeita hamar lagunen testigantzen bidez, haren historia kontatzen dute dokumentalean. Batzuek lotura zuzena dute Euskaltzaindiarekin, eta beste batzuk, berriz, euskalgintzan aski ezagunak diren pertsonak dira. Aitor Zuberogoitia eta Iban del Campo irakasleen laguntza izan dute dokumentala egiteko.
Kursaalera joan zirenek primerako harrera egin zioten filmari. Korrikak iraun bitartean hainbat herritan emango dute, eta salgai ere jarriko dute. Euskaltegietan ere ikusi ahalko da.
Euskaltzaindiaren lanari, esker onez
Euskararen erabileraren eta iraupenaren alde euskararen akademiak egindako lana aitortu dute AEK-k eta KorrikakEuskaltzaindiaren historiaren inguruko dokumentala ere estreinatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu