EUSKARA

Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko kideek dimisioa eman dute

Zuzendaritzak batzordearekiko konfiantza galdu duela esan du Pello Salaburu Gramatika Batzordeko buruak. Andres Urrutiak, ordea, batzorde guztiekiko konfiantza azaldu du.

Pello Salaburu. MARISOL RAMIREZ, ARP
urtzi urkizu
2013ko abenduaren 3a
17:24
Entzun

Pello Salaburu, Iñaki Amundarain, Miren Azkarate, Piarres Xarriton, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Patxi Goenaga, Alan King, Itziar Laka, Maria Pilar Lasarte, Celine Mounole, Jose Antonio Mujika, Jesus Mari Makazaga, Beñat Oihartzabal eta Paskual Rekaldek osatzen dute batzordea. Batzordeko kide gisa dimititu duten arren, euskaltzain moduan jarraituko dute.

Euskaltzaindiaren sail bakoitzaren plangintza zehazteko, jardunaldi batzuk egin ohi ditu erakundeak, eta Gramatika Batzordeak eginiko proposamenari ohar batzuk egin zizkion euskaltzain batek. Ostiraleko bileran eztabaidatu zuten oharren inguruan; horietan, beste mota bateko gramatika bat ezartzeko eskatzen zen. Pello Salaburu Gramatika Batzordeko buruak BERRIAri azaldu dionez, Gramatika Batzordeari ez zitzaion proposamena "egokia" iruditu ikuspuntu akademikotik. Salaburuk esan duenez, eginkizun hori beste norbaitek izatearen alde egin du zuzendaritzak. "Euskaltzaindiko zuzendaritzak konfiantza galdu du gugan, gure lana ez da aintzat hartu, eta hori izan da dimisioa emateko arrazoi nagusia". Bi proposamenak bozkatu ziren, eta Gramatika Batzordekoak boto gutxiago jaso zituen. Horren ondorioz, atzo eman zuten dimisioa Gramatika Batzordeko kide guztiek.

Bi proposamenak alderatzerakoan, Gramatika Batzordeak aurreko lan guztiak liburu batean edo bitan bildu nahi zituen. "Horrekin batera, beste gramatika laburrago bat egin behar zela iradokitzen zuen beste proposamenak. Hau da, beste gramatika bat, eta hori ez zuen Gramatika Batzordeak egingo. Guri iruditzen zitzaigun beste gramatika labur hori ezin zel egin gure lanen bildumaren aurretik".

Salaburuk nabarmendu du Gramatika Batzordearen lanak direla "gehien ezagutzen eta baloratzen direnak euskaltzaindiaren lanen artean". Batzordeko kide guztiek bat egin dute dimisioa emateko erabakiarekin. "Gure artean ez da desadostasunik egon. Hau ez da beroaldi bat izan, eta asko kosta zaigu erabakia hartzea".

Dimisioaren erabakia Euskararen Nazioarteko Egunean plazaratu izanagatik ez dago gustura Salaburu. "Hori ez genuen baloratu. Ez genuen inolako asmorik Euskararen Egunean halakorik egiteko".

Urrutia: "Konfiantza osoa daukate batzorde guztiek"

Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak esan du ez duela albistearen berri, baina hauxe ohartarazi du: "Ez dago inor Euskaltzaindian jarraitzera behartuta". Horrez gain, "egoera zailagoak bideratu" dituztela azaldu du Urrutiak.

Batzorde guztiekiko konfiantza berretsi du, eta nabarmendu erabakiak osoko bilkurak hartzen dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.