Gaur egun gure sare sozial eta harremanak zabalagoak dira, eta, horren ondorioz, euskara bera aldatzen ari da. Euskal hiztunen arteko harremana gero eta handiagoa izanik, euskalkiak berdintzen ari dira. Baina, aldi berean, hor dago gaztelaniaren eta frantsesaren eragina. Horien eragina euskaran masiboki handituz joatea litzateke arriskutsua». Iker Baionako kide Irantzu Epelderen hitzak dira. Beñat Oihartzabal eta Jasone Salaberriarekin batera, Norantz proiektuaren bultzatzailea da: Iparraldean hizkuntzak izandako aldakortasuna aztertzeko proiektua da. «Gai korapilatsua da estandarizazioarena, eta iritziak askotarikoak dira. Baina euskara den bitartean, nik, behintzat, ez dut gaizki ikusten. Dena den, orain urte batzuk ez bezala, ikusten da euskalkiei eusteko nahi bat, eta hori ere garrantzitsua da», azaldu du Epeldek.
Proiektua atzo aurkeztu zuten, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan. Bi arrazoi nabarmendu zituzten abian jartzeko: «Ohartu ginen, bereziki Iparraldean, ez zegoela ikerketarik euskal hiztunen gramatikaren eta fonetikaren inguruan; eta uste genuen, Iparraldean euskarak duen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, ezinbestekoa zela egitea. Hau hasiera besterik ez da, lehen argazkia», nabarmendu zuen Oihartzabalek.
Guztira 61 hiztunekin jardun dute, bakoitzarekin hiru ordu inguru. Azkenean, hala ere, 59renak jaso dituzte.Ehunka esaldi eman dizkiete frantsesez, gero haiek euskaraz esateko, eta haiekin ere hainbat solasaldi izan dituzte.
Lau irizpide hartu izan dituzte kontuan hiztunak aukeratzeko orduan: adina, jaioterria eta bizitokia, ikasketak non eginak dituzten eta zein duten ama hizkuntza.
Adinari dagokionez, hiru taldetan banatu dituzte hiztunak: 18 eta 30 urte artekoak, 40 eta 60 bitartekoak eta 70 urtetik gorakoak. «Gazteenak dira proiektuaren funtsa, elkarrizketatu ditugunen erdiak baitira. Hala egin dugu, aldaketa esanguratsuenak haien artean islatzen baitira. Adinekoek, aldiz, euskalki tradizionalen funtsari eusten diote». Bizitokiari dagokienez, hiria eta landa eremua bereizi dituzte. Erabakigarria izan da emaitzetan, Epelderen irudiko, ikasketak non egin dituzten. «Ikastolan egin dituztenek badute berezitasun bat: haiengan nabariagoa da beste euskalkien eta euskara batuaren eragina. Gainera, kontuan izan behar da DBHko ikasketak egitera hirira joan behar izaten dutela, eta horrek ere eragina du haien hizkeran. Batez ere, herri txikietatik edo baserri girotik datozenen hizkeran. Nolabaiteko nahasketa izaten dute. Ikastolan ikasi ez arren, bertan ikasi dutenekin harremana dutenetan ere ikusten da nolabaiteko berezitasunen bat».
Erantzun guztien audioa eta transkripzioa egina dute, eta iralean jarriko dute Interneten.
Euskara, «aldatuz eta estandarizatuz»
Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean euskarak izandako aldakortasuna aztertze aldera, Iker Baionak martxan jarri du Norantz proiektua. EHUko Udako Ikastaroetan aurkeztu dute. Iparraldeko 61 euskal hiztunekin solastatu dira ekimena gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu