Euskara apenas hartuko duten kontuan telebista lizentzietan

Nafarroako Gobernuak 22 baimen atera ditu lehiaketara: ehunetik bost puntu izango dira euskararen araberakoak

Erredakzioa
Iruñea
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroan tokiko telebistak LTD lurreko telebista digitalean martxan jartzeko, beste ahalegin bat egingo du Iruñeko gobernuak: herrialde osorako bi lizentzia eta eskualdeetako beste hogei atera ditu lehiaketara. Porrot egin dute aurreko aldietan. Nafarroa osoan zerbitzu emateko bi lizentziak hutsik daude azken hilabeteetan: Canal 4 eta Popular TV telebistek erabiltzen zituzten, baina, egoera ekonomikoak eraginda, itxi egin zituzten. Eskualdeetako hogei kateetarako lehiaketa lehen ere egin izan dute, baina eskari bakarra izan dute: Popular TVren jabearena, hain zuzen ere. Euskarazko jarduna apenas hartuko duten kontuan: ehun puntutik bost izango dira horren araberakoak.

Nafarroako aldizkari ofizialean, atzo eman zuten lehiaketaren berri. Hamabost urterako emango dituzte lizentziak. Nafarroa osorako biekin batera, bost eskualdetako tokiko telebistentzat egin dute eskaintza: Iruñerria, Lizarrerria, Zangozaldea, Tafalla ingurua eta Tuterako Merindadea. Bakoitzean lau lizentzia daude. Eskuratzeko, enpresek bermatu beharko dute herritar guztiengana iristea telebistaren seinalea—Nafarroa osorako lizentzietan, %96rengana iritsi beharko du—.

Enpresek hilabeteko epea daukate eskariak aurkezteko. Baldintza batzuk jarri ditu gobernuak. Teknikoak dira gehienak, baina badira bestelako batzuk ere. Edukiak emateko moduan sartu da gobernua, esate baterako. Honela dio bete beharreko baldintzetako batek: «Nafarroako Foru Erkidegoaren identitatea, instituzioak eta sinboloak errespetatzea, eta foru erkidegoa berezko lurralde gisa agertzea, bereizita, bai grafikoki eta bai deskribapenetan».

Puntuazio osoa %20rekin

Baldintzak betetzen dituzten eskaintzen ebaluazioa egingo du gobernuak, lizentzia nori eman erabakitzeko. Nabarmendu du banaketa egitean aintzat hartuko duela euskara sustatzea. Lehiaketan apenas duen tokirik: ehun puntutik bost dira euskararen araberakoak Nafarroa osorako bi baimenetan eta Iruñerrikoan eta Lizarrerrikoan —besteetan ez dute aintzat hartuko, eremu erdalduneko eskualdeak direlako—.

Bost puntu horiek lortzeko, aski izango da telebistak berak sortutako edukien %20 euskarazkoak izatea. Hortik behera egiten badute, jaitsiz joango dira puntuazioa, 0-5 artean. Euskarari buruzkoak dauka irizpide guztien artean puntuazio apalenetakoa; programazioari buruzko atalek, adibiderako, 45 puntu dituzte.

Telebistak berak edukiak sortzeak eta Nafarroari buruzko informazioa emateak izango dute garrantzia ebaluazioan. Enpresen bideragarritasuna ere kontuan hartuko dute, orain arte zer gertatu den ikusita. Nafarroako Gobernuko bertako arduradunek eta beharginek aztertuko dituzte proiektuak ebaluazio mahaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.