Analisia

Euskara askatasunean

inaki petxarroman
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Bortizkeriaren bukaera amets egiten ausartzen gara. Espero dugu laster minbizi hau iraganeko kontua izatea. Horrek bide berriak urratu eta gauzak asko erraztuko dizkio euskalgintzari», esan du Patxi Lopezek Euskararen Aholku Batzorde berrituaren lehen bileran. Eta gaineratu du: «Euskarak bat egingo du behin betiko askatasunarekin». Ezin daitezke era traketsagoan lotu euskara eta indarkeria. Ezin daitezke era adierazgarriagoan agertu euskarari eta euskaraz bizi nahi duen gizarteari Espainiako, Frantziako eta Euskal Herriko hainbat sektoretan dioten ezinikusi eta itxikeria.

Beharbada, Eusko Jaurlaritzako lehendakariari ahaztu zaio, edo ez du aintzat hartu nahi: frankismo garaiko euskararen gaineko debekuak —eta euskaldunekiko jazarpen eta gorrotoak— desagertzeko zorian utzi zuen euskara. Zailtasun handiko momentu haietan milaka herritarren konpromisoak eta eskuzabaltasunak ekarri zuten ikastolak eta euskaltegiak zabaltzea. Eta, horrekin batera, euskal kulturaren loratze eta pizte paregabea gertatu zen.

Debeku, indarkeria eta jazarpen guztien gainetik iraun du bizirik euskarak gaur egun arte, oraindik badirauten euskaldunekiko mespretxu eta jarrera oldarkorrak gorabehera.

Baldarkeria da hizkuntza bat mugimendu politiko batekin edota indarkeriaren erabilerarekin lotzea, atzo Lopezek egin zuen bezala. Lot al daiteke alemana Hitlerrekin? Lot al daiteke gaztelania Ameriketako herri indigenen aurka mendeetan egindako genozidio ikaragarriarekin?Euskara hizkuntza bat da, komunikazio tresna bat funtsean, eta era horretan ulertu eta baloratzen ez duenak aurreiritzi ideologikoa baizik ez du uzten agerian.

Patxi Lopezek hitzetan azaldutako ideia horri helduta jasan ditu euskalgintzak eraso bat baino gehiago azken urteotan; esaterako, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta haren zuzendaritzako kideen atxiloketa eta haien kontrako tortura. Angel Acebes Espainiako Barne ministro ohiak honela laburbildu zuen operazio haren helburua: «Euskal herritarren eskubide eta askatasunak babesteko operazio bat izan da, haien kultura, pentsamendu eta hizkuntzaren adierazte librearen aldekoa».

Euskara askatasunarekin lotzeko modu bitxi hura, funtsean, atzo Lopezek adierazitako pentsamenduaren oinarriarekin bat dator: euskara indarkeriarekin lotzea. Askatasuna hainbeste aldarrikatu baino hobe lukete euskaldunak lagundu eta bakean utzi, XXI. mendearen amaieran euskara ez dadin agertu desagertu diren ehunka hizkuntzen zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.