Azken hamarkadetan euskaldun berriak sortzea izan da administrazioen eta euskalgintzaren erronketako bat. V. Inkesta Soziolinguistikoaren eta kale erabilerari buruzko neurketaren emaitzak ikusita, kantitateari bainoago, kalitateari begiratzeko eta erabileran eragiteko unea dela uste dute euskalgintzako ordezkari askok. Orain arteko diskurtsoak bazterreanutzi, eta beste politika batzuk ezarri behar direla esan dute. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaie administrazioekin koordinazioan eta elkarlanean jardutea. Hizkuntza komunitate gisa trinkotuago aritzeko beharra ere nabarmendu dute.
Hain zuzen ere, euskararen egoeraz aritu ziren atzo solaseanTopaguneko Iker Martinez de Lagos, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Iñaki Lasa, IKAko arduradun Sagrario Aleman eta Seaskako lehendakari Paxkal Indo. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan.
Martinez de Lagosen arabera, «ausart» jokatzeko unea da. «Beste kontzeptu batzuek hartu behar dute garrantzia: motibazioak, harrotasunak, trinkotasunak...». Erabileran urratsak egiteko «inoiz baino baldintza aproposagoak» daudela uste du. «Euskara sustatzearen aldeko jarrerak ugaritu egin dira; gainera, ezagutza gero eta handiagoa da».
Helduen alfabetatzean eta transmisioan jarri du arreta Alemanek. Haren esanetan, ez da behar beste baloratu euskaltegiek egindako lana, eta administrazioek ez dituzte behar adina baliabide jarri horietan. «Indar gehiago jarri behar zen 25-65 urte arteko jende multzo hori euskalduntzen. Azken batean, talde hori da handiena, eta ardurak dituena: ekonomian, politikan, gizartean...». Alemaneniritziz, halaber, euskaldun berriei ez zaie behar adina aukera ematen euskaraz bizitzeko. «Erabilera handitzea nahi badugu, hori aldatu behar dugu: lan mundua eta astialdia euskaldunduz, lehen hitza edo erantzuna euskaraz eginez...».
Transmisioan urrats gehiago emateko, hainbat uste faltsuek amaitu behar dutela nabarmendu du Alemanek: «Nafarroan, adibidez, oso errotua dago guraso askoren artean, ez dutela mailarik seme-alabei euskara irakasteko; eskolan hobeto ikasiko dutela iruditzen zaie. Irakasteko ahalegin hutsak, ordea, merezi du».
Euskarak bizirik irautea «miraria» da, Lasaren ustez. Haren esanetan, diskurtsoak aldatu behar dira. «Erakargarriagoak izan behar dute, eta ez horren ezkorrak». Egungo hizkuntza politikak «errotik» aldatu behar direla adierazi du. Administrazioen, herri mugimenduen eta euskalgintzaren arteko «koordinazioa eta elkarlana» hobetu behar direla ere nabarmendu du. Hiztun berriak sortzean eskolak duen garrantziaz ohartarazi du: «Ezin dugu gehiago onartu euskalduntzen ez duten irakats ereduak izatea».
Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko inkesten emaitzek «denetik» dutela uste du Indok. Kezka agertu du euskal hiztunak gutxitu direlako. «Egia da, ordea, jaitsiera urrituz doala. Baina ez ote da izango non galdu ez dugulako?». Halere, uste du baikor izateko datuak ere badirela. «Iparraldean euskaraz hitz egin behar dela uste dutenen kopurua handitu da, eta gazteen ezagutza gora doa.Kantitateari ere begiratu behar diogu guk». Indok lege babesa eskatu du euskararentzat. «Horrekin batera, hizkuntza politika gidatuko duen bertako erakunde bat behar dugu».
Euskara. Egoeraren azterketa Udako Ikastaroetan
Euskara, «bidegurutzean»
Sagrario Aleman, Paxkal Indo, Iñaki Lasa eta Iker Martinez de Lagos euskararen egoeraz mintzatu dira EHUko Udako IkastaroetanErabilera sustatzeko beste politika eta diskurtso batzuk behar direla azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu